Itxi

Abenduak 14

"Berpiztu" Kepa Junkerari buruzko seriearen estreinaldia, PRIMERAN plataforman

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Duela bost urte izandako iktusaren ondoren, bizitzen eta sortzen jarraitzen duen musikariaren ikuspegi intimoa eta pertsonala erakusten du lau ataleko ikus-entzunezko lanak. Euskaraz eta gaztelaniaz ikusi ahal izango da.

Kepa Junkera: "Berpiztu"

Kepa Junkerak iktusa izan zuenetik bost urte bete direnean, "Berpiztu" seriea estreinatuko du PRIMERAN plataformak ostegunean (abenduak 14), musikariaren ikuspegi intimoa eta pertsonala erakusten duen lau ataleko ikus-entzunezko lana. 2018ko abenduaren 6an, Ganten, emanaldia eskaintzen ari zela, eszenatik atera zen musikariak bizitzen eta sortzen jarraitzen duela erakutsiko digu serieak, eta euskaraz zein gaztelaniaz ikusteko aukera egongo da.

Soinu txikiarekin mugak gainditu eta gure bihotzak konkistatu zituen Junkerak. Iktusa jasan ondoren, baina, bide sortzaile berriak esploratzen, sustraiekin konektatzen eta bere burua berrasmatzen ikasi beharra izan du. Musikarekiko duen pasioak lagundu dio bide horretan, eta, horregatik, "Berpiztu: Kepa Junkera" dokumental sailak Kepa Junkeraren sormena eta talentua bakarrik ez, musika bera ere omentzen du.  

Sustraietatik abiatuko da seriea, trikitixa lehiaketetako lehen emanaldietatik. Bigarren atalak, Kepa Junkeraren ibilbide luzea errepasatzeaz gain, iktusaren ondoren bere errekuperazio-prozesua nolakoa den erakutsiko du, familia eta lagunak ondoan dituela beti. Hirugarren atalean, musikari handiaren irudia deskubritzen eta gozatzen jarraituko dugu, bere ibilbide luzean bidelagun izan dituen pertsonekin. Bidaia bukatzeko, Keparen egunerokoa nolakoa den ikusiko dugu Busturiako bere etxean, Oliene baserrian, eta ingurukoek iktusa nola jasan zuten jakingo dugu. Laugarren atalak, berebat, Junkeraren sormen eklektikora eta anitzera hurbilduko gaitu.

Ostegunean bertan, Kepa Junkera eta Berpiztu liburuaren egileak Fidias fundazioaren aldeko elkartasun ekitaldian egongo dira. Integrazioaren eta artean bitartez garapen interpertsonala bultzatzen duen elkartea da Fidias, eta haren aldeko ekitaldia Bilbon egingo da, Mediolanum fundazioaren egoitzan (Elkano kalea 9, 8 solairua), 19:30ean.

Albisteak (1)