Audientzia arrakasta
"La Caza: nada es lo que parece" saioak milioi bat ikustaldi baino gehiago lortu ditu YouTuben
EITB MEDIA
Realityaren lehen denboraldi honen 12 atalek, batez beste, 91.000 bistaratze lortu dituzte EITBko YouTutube kanalean. Juan Goyache dugu lehen denboraldiko garailea, joan den asteazkeneko final hunkigarria irabazi ostean.
Bukatu berri den "La Caza: nada es lo que parece" saioaren lehen denboraldiak audientzia arrakasta handia izan du, bereziki EITBren YouTube kanalean, milioi bat ikustalditik gora lortuta. Zehazki, 1.092.981 bistaratze izan dituzte realityaren lehen denboraldi honetako 12 atalek eta, batez beste, 91.000 ikustaldi atal bakoitzak.
Joan den irailean estreinatu zenetik, ikusmin handia piztu du asteaz aste Basatien, Piztien eta Otsoen arteko lehiak eta identitate ezkutuen jokoak, baita bestelako euskarri eta kontsumo-moduetan ere, tartean YouTuben eta sare sozialetan.
Juan Goyachek irabazi zuen joan den asteazkeneko final handia, eta bera dugu "La Caza: nada es lo que parece" lehiaketaren lehen irabazlea, 16.000 euroko saria lortuta. Goikori gailendu zitzaion, Arabako Leze leizean (80 metro baino gehiagoko garaieran) egindako azken duelu hunkigarrian. Tentsio, laguntasun eta harrotasuna izan ziren bertan nagusi.
YouTuben ez ezik, saioaren atal guztiak ikusgai daude EITB Nahieran aplikazioan zein EITBren gainerako plataforma digitaletan.