Itxi

Fikzioa euskaraz

"Touré Detektibea" telesailaren aurrestreinaldia, asteazken honetan, Bilboko Sala BBK aretoan

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Jon Arretxeren eleberrietan oinarritutako fikzioa otsailaren 1ean estreinatuko da, euskaraz, PRIMERAN plataforman.Malcolm Treviño-Sitté aktorea da bertan protagonista eta alboan izango ditu Unax Ugalde, Itziar Ituño, Loreto Mauleón, Jon Olivares eta Ane Gabarain, besteak beste.

"Touré Detektibea" aurrestreinaldiaren irudia

Jon Arretxe idazlearen eleberrietan oinarritutako "Touré Detektibea" telesaila ostegun honetan, otsailak 1, estreinatuko da PRIMERAN plataforman. Aurretik, baina, aurrestreinaldia egingo da Bilboko Sala BBK aretoan.  Asteazkenean ikusi ahal izango dugu lehen atala pantaila handian, 19:00etatik aurrera. Emanaldia euskaraz izango da, gaztelaniazko azpidatziekin, eta bertan izango da Malcolm Treviño-Sitté protagonista, Unax Ugalde, Loreto Mauleón eta Jon Olivares telesaileko aktoreekin batera. Esteban Crespo zuzendaria eta Jon Arretxe idazlea bera ere bertan egongo dira, eta Ainhoa Etxebarriak aurkeztuko du ekitaldia.

Bilbon bizi den etorkin ginearra da Touré, eta bat-bateko detektibe gisa bizimodua ateratzen du. Bere trebetasunari, intuizioari eta umore-sen bereziari esker, Ertzaintzaren konfiantza lortuko du, eta harreman horrek ikerketa konplexutan buru-belarri sartzera eramango du Touré, kasu askotan egoera arriskutsuekin: higiezinen ustelkeria kasuak, San Frantzisko auzoko azpijokoak, Nigeriako mafia… Mota askotako erronka eta misterioei egin beharko die aurre Tourék, eta adimena eta nortasun magnetikoa erabiliko ditu aurkezten zaion kasu bakoitza ahalik eta modu ustekabekoenean argitzeko.

Malcolm Treviño Sitté (Lo nunca visto) protagonistak antzezle lantalde zabala du alboan: besteak beste, Unax Ugalde (No controles, "Ana Tramel. El Juego"), Itziar Ituño (Las buenas compañías, "Intimidad", "La Casa de Papel"), Loreto Mauleón (Los renglones torcidos de Dios, "La Chica de la Nieve", "Patria"), Itsaso Arana (La virgen de agosto, "Las de la Última Fila"), Urko Olazabal (Maixabel), Gorsy Edu ("Dos Vidas"), Emilio Buale (Adú),Goize Blanco (20.000 especies de abejas), Lander Otaola (La vida padre), Ayoub El Hilali ("El Príncipe") Jon Olivares ("Los Pacientes del Doctor García", "Patria") eta Ane Gabarain (Loreak, "Patria").

David Perez Sañudo (Ane) 2021ean egokitutako gidoi onenaren Goya sariaren irabazleak eta Carlos Vila Sexta ("Los misterios de Laura") detektibe telesailetan eskarmentu handia duen gidoilariak sortu dute, Flora Gonzalez Villanueva ("Nacho") gidoilariaren parte-hartzearekin. Tornasol Media, DeAPlaneta, Detective Touré AIE, RTVE eta EITBren koprodukzioa da lana, eta Europa Creativa Media programaren babesa jaso du.

"Touré Detektibea" Jon Arretxeren obraren lehen egokitzapena da telebistarako. Filmaketa Bilbo eta inguruetako zenbait espazio esanguratsutan egin da, tartean Bizkaiko hiriburuko Arriaga Antzokian edo San Frantzisko auzoan.


 

Albisteak (4)

Bideoak (1)