Itxi

M11: 20. urtemuga

'M11, martxoko lau egun' hiru ataleko dokumental saila estreinatu du PRIMERAN plataformak

EITB MEDIA

Leer en Castellano

2004ko martxoko lau egun gogor haietan gertatutakoa aztertuko du. "Historia aldatu zuen atentatua" da lehen atalaren izena eta jada ikusgai dago; hurrengo biak, martxoaren 15ean eta 22an estreinatuko dira.

'M11, martxoko lau egun' PRIMERAN plataforman martxoaren 8tik aurrera

Astelehen honetan, martxoak 11, betetzen dira 20 urte Madrilen 193 hildako eta 2.000 zauritu inguru eragin zituzten atentatu jihadistak egin zituztela, Espainiako historiako atentaturik suntsitzaileenak, alegia. Bi hamarkada hauetan mina, omenaldiak eta ondorioak izan dira, baita ikerketa, zalantza eta galderak ere. Urtemuga hori dela eta, PRIMERAN streaming plataformak M11, martxoko lau egun hiru ataleko dokumental saila estreinatuko du euskarazko azpitituluekin. Gaira hurbildu eta berau arakatuko dute; falta diren erantzunetako batzuk bilatuko dituzte, eta fokua lehen jarri ez zen tokian jarriko dute.

Martxoko lau egun haietan gertatutakoa aztertuko du New Digital Mediak eta Prisaren Lacoproductorak ekoiztutako lanak (martxoaren 11ko atentatuetatik hasi eta José Luis Rodríguez Zapaterok 14ean hauteskundeak irabazi zituen arte). Horri lotuta, ustekabezko ondorioak ere jorratuko dituzte: atentatu izugarriek eragindako shocka eta mina; José María Aznarren Gobernuak hauteskunde helburuetarako ETAren egiletzari buruz sortutako gezurra eta manipulazioa; "konspirazioaren teoria" deitu izan zitzaiona; ordura arte terrorismoari buruz zegoen paradigma aldatu izana… Beti biktimak kontuan hartuta, egun traumatiko haietara itzuliko da dokumental saila, egun horiek orduan kontatu ez ziren erpinetatik kontatzeko.

"Historia aldatu zuen atentatua" izeneko lehen atala, jada ikusgai

Hauteskunde egunera arteko atzerako kontaketa gisa, egun horiek hurbiletik (bulegoetan eta erredakzioetan) bizi izan zituzten kazetarien eta politikarien testigantzen bidez egina dago nagusiki narrazioa, hurrengo gobernua jokoan egonda erlojupeko frenetiko horretan inplikatuago zeuden kazetari eta politikarien testigantzen bidez, hain zuzen ere. Baina ez haiek bakarrik. Poliziak bere lanaren manipulazioa barrutik nola bizi izan zuen ere erakutsiko du; eta, denen gainetik, biktimen mina eta drama. Kontakizunak ia thriller baten antzera funtzionatzen duela esan liteke, eta ez ditu alde batera uzten Genova kaleko PPren egoitzaren aurrean egindako elkarretaratze historikoak, ezta lehen aldiz SMS bidez deitutako mobilizazio soziala ere ("Pásalo" ezaguna).

Hala, lehenengo atalean, hainbat kazetari, politikari, aditu, biktima, epaile eta polizia agenteen funtsezko testigantzak bildu dituzte: José Luis Rodríguez Zapatero, Andoni Ortuzar, Arnaldo Otegi, Esperanza Aguirre, Iñaki Gabilondo, Iñigo Herce, Jaime Otamendi, Martxelo Otamendi, Juan María Gastaca, Julio Ibarra, Baltasar Garzón, Vicente Martínez-Pujalte, Lorenzo Milá, Javier Ruperez, Carles Francino, Fran Llorente, Jesús Ceberio eta Maixabel Lasa, besteak beste.

"Historia aldatu zuen atentatua" atala eskuragarri dago PRIMERAN euskal edukien doako streaming plataforman; hurrengo biak, martxoaren 15ean eta 22an estreinatuko dira.

 

Informazio gehiago (1)