EITBPodkast
"19 Kamera", Touré Detektibearen sagako lehen atala audio-liburu bilakatuta, EITBPodkast plataforman
EITB MEDIA
Ondoren "612 €uro" eta "Hutsaren itzalak" etorriko dira. EITB eta Erein argitaletxearen elkarlanaren emaitza da audio-liburu sorta, eta Iñaki Beraetxe aktore eta bikoiztaile ezagunak jarri dio ahotsa.
Your browser doesn’t support HTML5 video
EITB eta Erein argitaletxearen eskutik, Jon Arretxe idazleak sortutako Touré detektibearen abenturak biltzen dituen audio-liburu sortaren lehen atala, "19 Kamera" dago entzungai gaurtik EITBPodkast atarian. Arretxek sortutako pertsonaiaren abenturak orain hilabete batzuk PRIMERAN streaming plataforman estreinatutako "Touré Detektibea" telesail arrakastatsuaren oinarria izan ziren. Orain, urrats bat gehiago eman da eta EITBPodkasten entzungai izango dira audio-liburu gisa, eitb.eus/touresaga helbidean. On Timek ekoitzitako audio-liburuan, Iñaki Beraetxe aktore eta bikoiztaile ezagunak jarri du ahotsa.
Touré, egoera irregularrean dagoen etorkin afrikarra da. Iragarle gisa magiaren arlo guztietan bere zerbitzuak eskaintzen ditu. Bizilagun afrikarrentzat agurgarria da, emakume zurientzat desiragarria eta polizientzat mespretxagarria. Biziraupen-senak bultzatuta, detektibe inprobisatu hasiko da. Patuak eraman du Bilboko gizartearen behe mailarik apalenarekin bezala goi mailako jende finenekin erlazionatzera.
Aurkezpena astearte honetan egin da, Bilboko Sanfrantsisko auzoko Almodobar tabernan. Bertan izan dira Ontime ekoiztetxeko Joxe Felipe Auzmendi; Gari Arzalluz, Erein argitaletxeko kudeatzailea; Maite Goñi, EITBko Digital eta Audioko zuzendaria; eta Jon Arretxe idazlea.
"19 Kamera", sagako lehen audio-liburua
Touré sagaren aurreneko audio-liburua da "19 Kamera", Jon Arretxek Touré detektibeari eskainitako sagaren aurrenekoa. Bilboko San Frantzisko auzoan kokatzen da trama. Hemeretzi kamerek kontrolatzen dituzte Bilbon San Frantzisko auzoko jendearen ibilerak eta bertan gauzatzen dira EITBPodkastek eskaintzen dizun eduki honetako gertakariak. Trama paralelo batzuek ere badira, umorezkoak eta gordinak audio-liburu beltz honetan: Palankako klub bateko prezio susmagarriak, trafikatzaileen arteko istiluak, adin txikiko prostituta baten desagerpena, kaputxadun talde baten jipoi eta hilketak… Dena dela, Touré da beti ardatza.
"19 Kamera" izenekoaren ondoren, "612 €uro" eta "Hutsaren itzalak" audio-liburuak maiatza eta ekainean izango dira, hurrenez-hurren, entzuteko moduan.