Itxi

Soinu fikzioa euskaraz

"Holobiontea II" estreinatu du EITBPodkastek

EITB Media

Leer en Castellano

Sei atal gehiagok osatzen dute ULU Mediak EITBPodkasterako ekoitzitako soinu fikzioaren bigarren denboraldia. Aktoreen artean, Nagore Aranburu, Iban Garate, Asier Hormaza, Aitziber Garmendia eta Klara Badiola ditugu.

San Mamesen egindako aurkezpeneko irudia

Holobiontea II abian da, gaurtik (urriak 9) aurrera, EITBPodkasten. Zurriolako hondartzan agertu zen izakiak nazioarteko komunitate zientifikoaren arreta gune izaten jarraitzen du sasoi honetan ere, eta bera suntsitzea izango da helburua. Sei atal gehiagok osatzen dute ULU Mediak EITBPodkasterako ekoitzitako soinu fikzioaren bigarren denboraldia. Aktoreen artean, Nagore Aranburu, Iban Garate, Asier Hormaza, Aitziber Garmendia, Klara Badiola eta BIEUSE, aktoreen elkarteko kideak ditugu. 

Oier Aranzabal izan da taldearen zuzendaria, Xabier eta Martin Etxeberria anaiek egin dute gidoia, eta musika banda Maite Larburuk ekoizpenerako espresuki sortua da. Alain Urrutiak egin ditu irudiak eta Anartz Zuazuak zuzendu ditu aktoreak. Grabaketak Lasarteko ULU Studion egin dira. 

Lehen denboraldian, Holobionteak Donostiako Aquariumeko laborategian berpiztu eta ihes egitea lortu ondoren, hainbat pertsonari eraso eta hil egin zituen. Baina Idurre Aldeazabal ikerltzailearen eta bere taldeko Imanol eta Aroaren artean Holobiontea akabatzea lortu zuten. Ez dute garaipena ospatzeko aukera handirik izan, ordea. Izan ere, munduko puntu askotan antzerako hainbat izaki azaldu dira eta Holobiontearen mehatxua mundu osora zabaldu da. Gizartean sortu duten izua kontrolatzen saiatzeko agindua bidali diote agintariek Idurreri. Egoera uste baino larriagoa da. Task Corporationen ezkutuko interesak, eroskeria eta sentimenduak nahasten ditu Holobiontearen bigarren denboraldiak. 

Holobiontea IIren agertoki eta elementu garrantzitsu bilakatu dira, besteak beste, San  Mames futbol estadioa eta Euskadi Irratiko Hiru Erregeen Mahaia kirol irratsaioa. Hain zuzen ere, denboraldiaren aurkezpena San Mamesen egin da gaur goizean eta bertan izan dira lantalde artistiko eta teknikoa eta EITBko ordezkariak, Maite Goñi Irrati eta Audio zuzendaria buru dela. 

Holobiontea II 16 urtetik gorako publiko zabalari zuzendutako soinu fikzio saila da, podcast formatuan ekoitzita. Zientzia-fikzioa eta thriller psikologikoa uztartzen ditu. www.eitb.eus/holobiontea helbidean edota ohiko agregatzaileetan entzun daitezke bi denboraldietako atalak.