Itxi

Batzen gaituzten emozioak

EITBren MAKUSI Jaiak sekulako arrakasta izan du, familia osoarentzako festa jendetsu eta ikusgarria eginda

EITB Media

Leer en Castellano

Adin guztietako ume eta gaztetxoentzako ekintzak egin dira BEC!en egun osoan zehar, tartean "Go!azen 11" eta "Power Up" telesailen aurrestreinaldi erraldoiak.

MAKUSI Jaiaren irudia

MAKUSI haur eta gazteentzako euskarazko EITBren ekosistema eta plataforma digitalak bere lehen jai handia ospatu du larunbat honetan, egun osoz, BEC!en, eta sekulako arrakasta izan du. Makusi jaiak harrera ezin hobea izan du, eta festa ikusgarri eta jendetsua izan da, milaka eta milaka lagun bildu baitira. 

Egun osoko ekitaldia izan da, euskaraz, familia osoari zuzendutako jarduera eskaintza zabala eginda. 11:00etan hasita, giro ezin hobea izan da protagonista nagusi. Adin tarte guztietako haur eta gaztetxoei zuzendutako ekintzak egin dira, espazio erraldoian. Agertoki gainean, Joseba Olagarairen gidaritzapean, Potx eta LotxAireportuan ikuskizunarekin—, Zirkoteke, Diskofesta eta Go!azen musika emanaldiaz gozatzeko aukera izan da. Gainera, Izaskun pertsonaiak erronkarik dibertigarrienak proposatu dizkie umeei, eta Anepe Acedo eta Aritz Mendiola Kalaxka saioko aurkezleek gaztetxoekin argazkiak atera eta autografoak sinatu dituzte. Aurrekoa gutxi balitz, ''Power Up'' gunean bideojokoetan aritzeko aukera izan da, eta ''Irabazi Arte'' gunean, futbolinean eta giza futbolinean. Horrez gain, zozketa berezia egin da: estreinakoz, Go!azeneko pertsonaietan oinarritutako 12 ilustrazio esklusibo zozkatu ziren. Irabazleek pozarren jaso dituzte ilustrazio horiek, Go!azeneko aktoreen eskutik.   

Makusi Jaiaren irudia

Egun osoan zehar puzgarriak, ludoteka, irakurketa eta margotzeko txokoak, ipuin kontalaria, tailerrak, eskulanak, abentura parkea, ohe elastikoak, proiekzio gunea, food truckak… izan dira.  Aurtengo EITB Maratoiak ere txoko berezia izan du jaian, eta jaiaren babesleek ere gune propioak ere izan dituzte: Kaiku Baserria, IHOBE, Garbiker eta JumpYard.

Aurrestreinaldiak: Go!azen eta Power Up

Ekitaldiari amaiera borobila emateko, Go!azen 11 eta Power Up telesailen 2. denboraldiaren aurrestreinaldiak hartu ditu Bizkaia Arenak, pantaila erraldoian.  Milaka lagun bildu dira bertan; eta, ohi legez, Go!azeneko aktoreek ikusleak dantzan jarri zituzten. Emozioz beteriko uneak izan ziren nagusi. Emanaldia hasi baino lehen, MAKUSIk abiarazitako Meet and Greet zozketaren irabazleek bi telesailetako aktoreak ezagutu dituzte.

Makusi Jaiaren irudia

Sarreren salmentarekin bildutako diru guztia EITB Maratoira zuzendu da.