Itxi

Entzun bihotzari

EITB Maratoiak elkartasun egun handia biziko du gaur, musika maratoi erraldoi batek lagunduta

EITB

09:00etan hasiko da, EITBren Bilboko egoitzako dei-gunean; eta, ohi bezala, 150 aurpegi ezagun baino gehiago hartuko dituzte bertan. Aurten, 25. urteurrena ospatuko du EITB Maratoiak.

EITB Maratoia 2024

2024ko EITB Maratoiak egun handia biziko du gaur, abenduak 12, Entzun bihotzari lelopean. Urtero bezala, egun berezia izango da, eta bertan bildutakoa gaixotasun kardiobaskularrak ikertzera bideratuko da.

Asko dira ekarpenak egiteko moduak, eta denak daude jada martxan: Banku-transferentzia bidez (Caixabank ES04 2100 8686 8102 0004 5619, Laboral Kutxa ES56 3035 0450 15 4500005802 eta Kutxabank ES86 2095 0611 00 9120154296 kontuetan), BIZUM bitartez (dohaintza solidarioa: 33478 edo eman atalean 33478) eta EITB Maratoiaren webgunean online dohaintza eginda. Ohi bezala, ekarpenak egiteko doako telefono zenbakia ere badago: 900 840 750. Ostegunean, EITB Maratoiaren egun handian, 09:00etan zabalduko dira lineak, eta gaua bukatu arte martxan egongo dira. Ondoren ere egongo da telefono bidez ekarpenak egiteko aukera: abenduaren 13an eta 14an, 11:00etatik 22:00etara.

Abenduaren 12ko jardunaldi solidarioa 09:00etan hasiko da, EITBren Bilboko egoitzako dei-gunean. Ohi bezala, egunean zehar kultura, kirola, telebista eta bestelako esparrutako 150 aurpegi ezagun baino gehiago batuko dira telefono deiak hartzera, tartean erakundeetako ordezkariak ere. EITBren hedabideek jarraipen zabala egingo dute, zuzeneko konexioekin; eta gauean saio bereziak egingo dira. 

ETB1en ''Gora Bihotzak'' berezia izango dugu 21:45ean, zuzenean, EITBren Bilboko egoitzatik, Miren Nogalesek eta Julen Telleriak aurkeztuta. ETB2n, ''RH+'' berezia, 22:15etik aurrera, zuzenean, Miramondik, Gorka Aguinagalderen lantaldearekin.

EITB Maratoia

16 orduko musika maratoi erraldoia

Urtero bezala, emozioz betetako jardunaldia izango da; eta aurtengoa, gainera, are bereziagoa, EITB Maratoiak 25. edizioa biziko baitu. Urteurrena behar bezala ospatzeko, 16 orduko musika maratoi erraldoia antolatu du, lau hiriburutan. Guztira, 40 musika emanaldi izango dira, eta sorpresa handi bat: Martin Urrutiak eta Leire Martinezek elkarrekin abestuko dute Eskutitza kanta, aurtengo edizio honen soinu-banda, alegia. Bilboko Euskalduna jauregian izango da, 21:00etatik aurrera.

Eguneko musika emanaldi nagusienetako bat izango da, baina ez bakarra. Izan ere, 09:00etan hasiko da hitzordua, Gasteizen, hiriko Merkatuan, eta Otxote Ausartak, Perucles, Kalimba, Cristian Brown, Lehia, Aldakan, Kai Nakai, Moni Garage, Harresian Zulo eta Jon Basaguren izango dira agertokian.

Donostiak hartuko du lekukoa, 13:00etan, eta musikaz beteko da San Martin merkatua. Urtz, Twin Melody, Golden Apple Quartet, Leize, Sara Zozaya, Alex Ubago, Janus Lester, Andoni Ollokiegi, Xabi Solano eta Nogen arituko dira bertan.

Maratoiaren hurrengo geldialdia Iruñean egingo da, musikari hauekin: Demode Quartet, Escuela de Jotas Manuel Turrillas, Puro Relajo, Razkin, Jaione Olazabal eta familia, Aurora Beltran, Juanpa Agirre, Biziraun Erromeria Taldea, Jaso ikastolako musikalak, La Pamplonesa, La Topadora eta Mirari. 17:00etatik 21:00etara izango da, autobus geltoki zaharrean.

Azkenik, Bilboko Euskalduna Jauregiak hartuko du azken txanpa, eta bertan entzungo ditugu Travellin'Brothers, STR, Maren, Malmudena, Betto Snay, Xsakara, Xabi Aburruzaga, La Basu, Iñigito Txapelpunk, eta Akerbeltz, Martin eta Leirerekin batera, jakina.

Hiri guztietan sarrera doakoa da, aforoa bete arte.

EITB Maratoia

Ia 10 milioi euro, 25 edizio hauetan

EITB Maratoiak mende laurdena darama arrazoi batengatik taupadaka: ELKARTASUNA. Gaur arte, 9,79 milioi euro bideratu dira 127 ikerketa-proiektu bultzatzeko. Ibilbide horri begira, aurtengo edizioa berezia izango da, lortutako guztia ospatzeko eta eskertzeko.

Aurtengo kausa gaixotasun kardiobaskularrak dira; bihotzari eta odol-hodiei eragiten dieten nahasmenduen multzoa. Gaixotasun horien artean daude hipertentsio arteriala, gaixotasun koronarioa, bihotz-gutxiegitasuna eta istripu zerebrobaskularra, besteak beste. Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, gaixotasun kardiobaskularrek eragiten dituzte mundu osoko heriotzen % 32, hau da, urtean 17,9 milioi heriotza inguru.

5.662 pertsona hil ziren 2023an EAEn gaixotasun kardiobaskularren ondorioz. Euskadin, 2023an, GKBak (% 25,4) herritarren heriotzen bigarren kausa izan ziren. Emakumeen artean GKBak izan ziren lehenengo heriotza-kausa (% 26,3). Eragile ugari dituzte gaixotasun kardiobaskularrek, baina oso lotuta dago osasungarriak ez diren bizi-ohiturekin. Gaixotasun kardiobaskularren % 90 ere prebenitu daiteke, ohiturak aldatuta.

Euskal Osasun Sistemak GKBen esparruko 127 ikerketa-proiektutan eta azterketa klinikotan parte hartu du 2023an.

Albisteak (2)