GAZTEA
Aramu, Malko, Mikosis eta Mirail taldeak lehiatuko dira 2024ko Maketa Lehiaketaren final handian
EITB MEDIA
Hitzordua ostegun honetan izango da, Gasteizeko Jimmy Jazz aretoan. Hain zuzen ere, 20:30ean hasiko da finala, eta zuzenean, irratiz zein streaming bidez jarraitzeko aukera emango du Gazteak.
2024ko Maketa Lehiaketaren final handia ospatuko da ostegun honetan, abenduak 19, Gasteizeko Jimmy Jazz aretoan. Ainhoa Vitoriak lau taldeak aurkeztuko ditu, eta bakoitzak ordu erdi inguruko zuzenekoa egingo du. Proiektu guztiak aurkeztuta, Julen Idigoras, Lorea Argarate eta SÜNEk osatutako epaimahaiak irabazlearen izena pentsatzeko tarte bat hartuko du.
Hiru sari banatuko dira: alde batetik, Aramuk GAZ Saria (2.500 euro webgunean boto gehien jaso dituenari); bestetik, Harrobia Saria (Oso Polita diskoetxearekin lau kantako EP bat grabatzeko aukera); eta, azkenik, Epaimahaiaren Saria (irabazleak 5.000 euroko saria eskuratuko du eta 2025eko Bilbao BBK Liven jotzeko aukera izango du).
20:30ean hasiko da 2024ko Maketa Lehiaketaren final handia. Zuzenean eta doan ikusteko aukeraz gain, irratiz eta streaming bidez jarraitzeko aukera emango du Gazteak, YouTubeko kanalean eta webgunean. Hauek dira aurtengo finalistak:
Aramu: talde bozkatuena Gaztearen webgunean. Maruri-Jataben (Bizkaia) sortutako boskoteak osatzen du taldea. Indie rock eta punk rocka abiapuntu hartuta, estilo eta doinu propioa eraikitzen ari direla diote taldekideek. Aurten kaleratu dute lehen disko laburra, Aramu izenarekin.
Malko: duela urtebete pasatxo elkartu zen boskotea, Oñatin. Dagoeneko hainbat kontzertu egin dituzte, Esan ez direnak EPko abestiak jendaurrean aurkezteko.
Mikosis: hirukote honek (Gernika) post-punk eta rock doinuez bustiko du final handia. Bertan, irailean kaleratu berri duten Kontrolik Barik estreinako EPko kantak entzungo dira.
Mirail: Urnietatik datozen bost lagun dira. Pandemia ostean eratu zuten taldea, helburu zehatz batekin: Euskal Herriko musika eszena pasioz eta energia kolore berriekin margotzea.