EITB euskal kirolarekin
Reala, Koparen Bila: Real Madrilen aurkako finalerdietako partidak, zuzenean, EITBn, euskaraz
EITB Media
Gaur, otsailak 26, Reale Arenan jokatuko den joaneko neurketa eta apirilaren 3ko itzulikoa zuzenean emango dituzte eitb.eus-ek eta ETB1ek, 21:30ean. Horrez gain, norgehiagokak Euskadi Irratian eta Radio Euskadin jarraitu ahal izango dira.


Errege Kopako finalerdietako joaneko norgehiagoka, ETB1en eta eitb.eus-en
Hirugarren urtez jarraian, Euskal Herriko talde batek "Koparen Bila" osatuko duen ibilbide zirraragarria euskaraz bizitzeko aukera izango dugu EITBn. Apirilaren 26ko finalerako txartela eskuratzeko lehian, gaur (otsailak 26) Anoeta estadioan jokatuko den Reala-Real Madril partida ETB1en eta eitb.eus-en emango da, 21:30etik aurrera. Bigarren hitzordua ere, hots, itzuliko norgehiagoka, ikusgai izango da, apirilaren 3an, ordu berean.
21:00etan hasiko da ETB1eko "Koparen Bila" saio berezia. Amane Ibañezek gidatuko du, Bilboko platotik, Iñaki Mikeorekin batera, eta Jon Balentziagak, Reale Arenatik. Norgehiagokaren xehetasun guztiak emango dituzte, bi taldeen egoera, zaletuen iritziak, zelaiko giroa… Neurketaren kontakizuna Jon Elortzak egingo du, Juanan Larrañaga eta Nerea Zusberro adituekin batera. Asier Arangurenek, berriz, berdegunean gertatzen denaren berri emango du.
Txuri-urdinen eta merengeen arteko finalerdietako norgehiagoka EITBren irrati-kateetan jarraitzeko aukera ere izango da. Euskadi Irratian Maitane Urbietak egingo du kontakizuna Jon Gaztañaga, Gari Uranga eta Txema Añibarro adituekin batera, Iñaki Berastegik zuzenduko duen "Hiru Erregeen Mahaian" saioan. Radio Euskadin Rafa Mungia arduratuko da kontakizunaz, Txema Oliden, Larraitz Lucas eta Iñaki Alzolaren analisiek lagunduta. Edu Garcia izango da Bilboko estudioan, koordinazio lanetan.