Doako audio plataforma
"Egia gordinetik" soinu fikzio berriaren estreinaldia, GUAUn
EITB
Iñaki Beraetxek zuzenduta, Mari Sagarzazu (Mikele Arizkorreta) aktore izan nahi duen gaztearen eguneroko bizitza da kontakizunaren ardatza. Gazteek egunero bizi dituzten egoerei aurre egingo die Marik: ikasketak, lana, amodioa, inbidiak eta adiskide kontuak, besteak beste.
"Egia gordinetik!"
Iñaki Beraetxe aktore, zuzendari eta gidoilariak gidatu du GUAU EITBko audio plataforman bihar estreinatuko den "Egia Gordinetik" soinu-fikzioa. Hamabi atalez dago osatuta, eta bakoitzak hamar minutu inguruko iraupena du. Soinu-fikzioan Mari Sagarzazu (Mikele Arizkorreta) protagonista gaztearen bizitza ezagutuko dugu, etapa berri baten hasiera, alegia.
Hain zuzen, Marik aktorea izan nahi du, eta helburu hori lortzeko asmoz oztopo zein une zirraragarriak biziko ditu. Halaber, baserriko eta kaleko munduen arteko aldea ere jartzen du agerian tramak. Marik eta Oihanak (Ainhoa Artetxe) islatzen dituzte bi mundu horiek. Mariren aita (Egoitz Lasa) atzerakoia da eta traba egiten dio alabaren izaerari eta garapenari. Antzerki eskolan, gainera, irakasle batek ez dizkio gauzak batere erraz jarriko.
Gazte askok egunero bizi dituzten hainbat egoera jorratzen dira soinu-fikzioan: ikasketak, lana, amodioa, inbidiak, lagunartea… Banbalina arteko amodio istorio honetan makina bat aktorek hartu dute parte. Tartean daude Mikele Arizkorreta, Ainhoa Artetxe, Judith Huegun, Marga Altolagirre, Egoitz Lasa, Iñigo Azpitarte, Agurtzane Intxaurraga eta Aitzole Araneta, besteak beste. Musika Joseba Beristainek egindakoa da. Ekoizpena, berriz, On timek egin du.