Finala
'El Conquistador del Aconcagua': sekretua igandean argituko da
Kote, Laiseka eta Iñaki dira gailurrerantz abiatzeko aukera duten bakarrak, baina eguraldia ez dute alde izango. Datorren igandean, abenduak 16, 22:30ean, jakingo dugu zer gertatuko den eurekin.
‘El Conquistador del Aconcagua’ saioaren finala daturik garrantzitsuena argitu gabe amaitu da: haizea baretuko ote den eta gailurrerantz abiatzeko aukera izango duten. Saioan argitutakoaren arabera, Iñakik, Laisekak eta Kotek baino ez dute izango horretarako aukera, baina datorren igandera, abenduaren 16ra, arte, ez dugu jakingo euretakoren bat edo hirurak gai izango ote diren Aconcaguaren tontorra zapaltzeko. ‘El Conquistador del Aconcagua’ saioaren final nagusia zuzenean izango da, Miramongo platoan, Julian Iantzi aurkeztuta, eta espedizio-kideak bertan izango dira. Orduan argituko dituzte saioak aurten izan dituen sekretu guztiak.
Hiruretako bat izango da ‘El Conquistador del Aconcagua’ saioaren irabazlea, eta jada eman daiteke eitb.com-en botoa, ikus-entzuleek erabaki dezazuen nor den zuen ‘konkistatzailea’. Botoa ematen duzuen guztien artean Ternua ekipamendu bat zozkatuko dugu, espedizio-kideek erabili dutenaren berdina, alegia.
Erabaki zaila
Julian Iantzik gidatutako platoko saioan abentura nola gauzatu zen ikusi ahal izan genuen, ordura arte ikusi gabeko bideoen bitartez. Haize izugarriak astindutako eta zero azpitik 25 graduko sentsazio termikoko gau beldurgarriaren ostean, espedizioko medikuak parametroak neurtu dizkie Colera kanpalekuan dauden espedizio-kide guztiei. Serafin eta Magda ez dira oxigenoa behar bezala saturatzeko gai, eta, beraz, sendagilearen aginduz, kanpalekua utzi, eta Plaza de Mulasera jaitsi behar dute. Bertan, zain dauzkate Andoni, Laura, Koro eta Iban.
Beraz, Kote, Laiseka eta Iñaki Coleran gelditu dira Juanito Oiarzabalekin eta Julian Iantzirekin, eta espedizioko gainerako kideekin batera, haizea noiz baretuko. Juanito ez da igoerari ekitearen aldekoa; aldiz, Julianek, Iñakik eta Laisekak igotzeko gogoa dutela adieraziko dute.
Tentsio handiko uneak, platoan
Platoan, Juanitok eta Iñakik tentsio handiko uneak izan zituzten. Gordexolakoak etengabe zirikatu zuen mendizale ezaguna, eta Juan izenez zuzendu zitzaion, Ibanek bezala. Andoni Agirregomezkortak eztabaidan esku hartu zuen, eta hiruren arteko tentsioa lotsagarria iruditu zaiola esan zuen, baita euren arteko desadostasunak gainditzeko gai ez izana ere. Serafinek errieta egin zion Iñakiri Juanitori Juan esateagatik, errespetu falta iruditu baitzaio.
Ibanen eta Serafinen artean ere tentsioa izan zen. Kantari nafarrak nabarmendu zuenez, Magda eta bera Plaza de Mulasera jaitsi zirenean, eguna alaitu zioten bergararrari, hark ez baitzuen bi horiek gailurrera igotzerik nahi.
Saioa datu nabarmenenak argitu gabe amaitu zen: baretuko al da haizea? Abiatuko al dira gailurrera? Laiseka, Kote eta Iñaki, edo hiruretako baten bat, izango al da Aconcaguaren tontorrera heltzeko gai?
Datorren igandean, abenduaren 16an, 22.30ean, ezagutuko ditugu sekretu guztiak. Final handia izango da orduan, Julian Iantzik gidatuta, Miramongo plato batean, zuzenean. Eta, ez ahaztu! Eman botoa eta aukeratu zuen ‘konkistatzailea’. Egin aukera Laisekaren, Koteren eta Iñakiren artean, boto gehien jasoko duena izango baita garailea. Ternuaren ekipamendu bikain bat izango da jokoan.