Itxi

Eguberriak 2012-2013

ETBk Gabonetako programazio berezia izango du 30. urtemugan

Gabon Gauean 'Al Rescate' eta 'Euskal Kantuen Gaua' izango ditugu. Gabon Zaharrean, Bilbotik, kanpaikadak 'atsuekin' ETB-1en, eta El Jonan, El Pelanas eta Africa Baetaren eskutik, ETB-2n.

Gabonetako programazioaren aurkezpena. Argazkia: EITB

Saio bereziz hornituko da ETB Eguberrietan eta telebista jaio zeneko 30. urtemuga ere jai giroan ospatuko du. Gabon Gauean eta Urte Zaharrean izango dira saio berezi nagusiak, baina, jakina, oporraldi osoan izango ditugu emanaldi, albistegi eta programa bereziak, baita zinemarik onena ere.

Atarikoa, San Tomas egunean izango dugu: ETB-1en, Donostia eta Bilboko azokekin bat egingo dute goizean zehar, bertako giroa zuzenean jasoz.

Halaber, ETBren 30. urtemugaren haritik, '30 Urte Kantuan' saioa estreinatuko dugu Gabonetan. Joseina Etxeberriak aurkeztuta, ETBn kantuak eta musikak izan duten lekua errepasatuko dugu sei ataletan. Gonbidatu bereziak izango dira saio bakoitzean, errepaso horren inguruan euren testigantza eta iritzia emateko. Abenduaren 22an hasiko den saio sortak honako gaiak jorratuko ditu: Gabonak, ETBrekin jaio, ETBrekin maitemindu, 80ko hamarkada, 90eko hamarkada eta 2000ko hamarkada.

23an, gainera, Olentzeroren Etorrera emango da Bilbotik, eta gauean Gabon kutsuko 'Kontuz, Atsuak!'. ETB-2k ere estreinaldi bat dakar, Lain telesail sorta laburra, Aitor Luna aktorea protagonista duela.


Gabon Gauean, 'Atsuen Gabonetako Mezua', 'EKG' eta Al Rescate: 'El efecto berberecho', Oscar Terolekin

Gabon Gauean musika izango da nagusi ETB-1en, baina horrez gainera, Maikrux eta Marikamenen eskutik 'Atsuen Gabonetako Mezua' ere izango dugu. Musikari dagokionez, 'Dantxarinea Kantuz' eskainiko du ETB-1ek, beste eduki batzuen artean. Kantu Zaharren egunean, lagun arteko bazkari giro bikainean, gure betiko euskal kantuez gozatzeko.

Saio horiek amaitu ostean, 'Euskal Kantuen Gaua' ekarriko digute aurten ere  Itziar Atienzak eta Kike Amonarrizek. Ohi bezala, hainbat abesti entzungo dira platoan, eta aurten ere aurretik grabatutako bideoak emango dira, besteak beste, legebiltzarkideekin, Realeko eta Athleticeko jokalariekin, Bilbao Basketeko saskibaloi jokalariekin eta ETBko albistegietako aurkezleekin.

Gonbidatu zerrenda luzea da: Oinatz Bengoetxea, Pablo Berasaluze eta Aitor Zubieta pilotariak; Kaiku arraun taldea Jose Luis Korta buru dutela; Maider Unda, Leire Olaberria eta Ainhoa Murua emakume olinpikoak; hiru izar Michelin dituzten hiru sukaldari, Eneko Atxa, Juan Mari Arzak eta Martin Berasategi; Euskal Telebistako 30 urteak ospatzeko lehenengo urte haietan parte hartu zuten lehen aurpegiak eta Euskadi Irratiko esatari taldea ere egongo da.

Gainera, ETBko hainbat programetako taldeek euren ikuskizuna erakutsiko digute: 'Goenkale', 'Kontuz, Atsuak!', 'Ni Más Ni Menos', 'El Conquistador del Fin del Mundo', 'Mihiluze' eta eguraldiko aurkezleak. Gainera, Gazteako 'dida!' saioak ere emanaldi berezia prestatu du, eta aurtengo saioan 'Sorginen Laratza' ETBko saio erreferente izandako bati omenaldia egingo zaio.

ETB-2ko umorearen historiari ere tokia egingo zaio aurtengo 'Euskal Kantuen Gaua'n. Honela, 'Vaya Semanita' eta 'Al Rescate' saioetako aktoreak, Oscar Terol, Iker Galarza, Maribel Salas, Asier Hormaza eta Miriam Cabezas, elkarrekin arituko dira.

The Muxtels Iparraldeko musika taldearekin osatutako lau abesti ezagunez eta umorez betetako ordu eta erdiko saioa izango da 'Euskal Kantuen Gaua 2012'.

ETB-2ko Gabon Gaueko saioa Oscar Terolen eskutik dator. 'Al Rescate: El Efecto Berberecho' berezia berezia ekarriko dute Gorka Otxoa, Santi Ugalde, Asier Hormaza eta Oscar Terolek. Gabon Gauerako beren-beregi prestatutako saioa izango da. Bertan, Iñigo Urkullu lehendakari izendatu berriak, esaterako, mundu guztian ezaguna den dantza egingo du. Horrez gainera, eta besteak beste, ETBko ikus-entzuleek Euskal Herrian berriro Lehendakari konstituzionalista noiz izango den argituko dute. Gazteleraren aldeko lehen euskal elkartea ere aurkeztuko dute.

Eguberri egunean Sortuko dira besteak jaialdia izango dugu ikusgai ordutegi nagusian. Nazioarteko abestiak euskarara moldatuko dituzte hainbat euskal abeslarik. Guztira sei artista ikusiko ditugu Sortuko dira besteak ikuskizunean: Eñaut Elorrieta, Alex Sardui, Mikel Urdangarin, Petti, Arantxa Irazusta eta Pier Paul Berzaitz. Arriaga antzokian grabatutako emanaldia izango da ikusgai.

Beste sorpresa bat ere izango da gabon hauetan: 'Erne! Demonio' Gabonetako kaleko lehiaketa berezia. Mikel Elizegik aurkeztuta, gaueko 21:00etan emango da abenduaren 25, 26 eta 27, eta urtarrilaren 1, 2 eta 3an. Jendearen parte hartzea, situazio surrealistak, aktualitatea eta entretenimendua uztartuko dituen kaleko lehiaketa da. Kale gorrian harrapatzen dituzten lagunak izango dira lehiakideak.

Beste berezi bat ere izango da programazio honetan. 'Ama Lurra: elurpeko bizia' ETB-1en 25ean eta 'Ama Lurra: el manto blanco' urtarrilaren 3an ETB-2n. Euskal natura biziaren inguruko dokumentala da, euskal fauna eta ekosistema naturala erakusten duten irudiekin. Izki, Gorbea eta Belaguako Larran grabaturiko irudiak bildu ditu. Besteak beste, arranoa, Gorbeako oreina edo aztorea ikusiko ditugu dokumentalean.

Abenduaren 27an beste saio berezia izango da ETB-2n eta bakarrizketak protagonista izango dituzte. 'Gente Seria' izango du izenburu eta honako hauek parte hartuko dute: Maribel Salas, Javier Merino, Txemi Parra, Gemma Martinez, Iñigo Salinero, Nerea Garmendia eta Patxi Alonso.

Abenduaren 29an, galdu ezin den beste hitzordu klasikoa izango da: Euskal Selekzioak Boliviaren aurka jokatuko duen partida zuzenean emango da Anoetatik.


Gabon Zaharretan, ETBren 30. urtemuga ospatzeko ,'Atsuak', 'El Pelanas', 'El Jonan' eta Africa Baeta, Bilbotik

Urte Zaharrean jai handi batekin ospatuko du jaio zeneko 30. urtemuga ETBk, eta kanpaikadak EITBko Bilboko egoitzatik emango ditu. ETB-2n 'El Pelanas'ek, 'El Jonan'ek eta Africa Baetak aurkeztuko dituzte kanpaiak eta ETB-1en Maikrux eta Marikarmen 'atsuena' izango da ardura hori.

Halaber, ETB-1 eta ETB-2ko gau horretako saio berezietan euskal umorista eta aktorerik onenak bilduko dituzte. Oscar Terolek zuzendutako 'Al Rescate'ko lan-taldea eta egungo 'Vaya Semanita'ko lan-taldea, Javier Garcia de Vicuñaren gidaritzapean dabilena, elkarlanean ari dira saioa prestatzen.

Bestalde, Maikrux eta Marikarmenek Pello Zabala izango dute lagun ETB-1en. Pello Arantzazun jaso eta Euskal Herriko hainbat herritan izango dira, 30. urteurren honetan, autobusean. Aurpegi ezagunak -aurkezleak, aktoreak eta gainerako famosoak-, autobusean jasoaz. Horrela iritsiko dira Bilboko ETBko egoitzara eta han emango dituzte kanpaikadak.

Euskal Irrati Telebistak jai handia egingo du 30. urtemuga ospatzeko. EITBko aurrealdean beren-beregi kanpaiak emateko egindako erlojua jarriko dute.

Jaia Gazteako esatariek gidatuko dute eta honako dj-ek parte hartuko dute: Alberto Gavilan, Txus Merino, Jon Urbieta, Txitxo Dj eta Melsex DJ. Halaber, Ainhoa Cantalapiedra, Carmen Nophra, Camanbu Percussion eta 6 Performanceren saioak izango dira.


Urte berriarekin bat, hainbat berrikuntza

Zinemari dagokionz, Urte berri On Amona izango dugu ikusgai urtarrilaren 1ean ETB-1en. Telmo Esnalek zuzendutako komedia beltza estreinatuko da telebistan.

Urtarrilaren 2an, berriz, 'Esatea Be!' bakarrizketa tartea eskainiko da. Kike Amonarrizek gidatu eta bakarrizketa egingo du. Berarekin batera, Yannic Vergara, Galder Perez, Pantxoa, Leire Ucha eta Urko Aristi arituko dira.

Urtarrilaren 5ean, berriz, Zallan grabatutako Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen agurreko emanaldiaz gozatu ahal izango dute ikus-entzuleek.

Urtarrilaren 6an, Gabonetako programazio bereziari amaiera borobila emateko, ETB-2n 'El Conquistador del Fin del Mundo' Julian Iantzik aurkeztutako realityaren bederatzigarren edizioa jarriko da abian.

Aipatutako guztiaz gainera, albistegi saioek urteko berrien laburbilduma ekarriko dute eta ETB-3k haurrentzako programaziorik erakargarriena. Zinemak ere tarte garrantzitsua izango du, besteak beste, honako izenburu hauek: El Intercambio, No controles, Invictus eta 10.000 AC, eta gaztetxoentzat gustukoak izango diren beste film batzuk ere bai: El valiente Despereaux, Krabat, Zathura: una aventura espacial eta Numero 9.

Azkenik, sukaldea ere ezin ahaztu garai honetan: 'Robin Food'en laguntzaz, Eguberritako menurik goxoenak prestatzen lagunduko digu ETBk. Gabon Gau eta Gabon Zaharrean bere etxean jango diren platerak egiten lagunduko digu: 24an: solomoa txanpiñoi saltsarekin eta udareak ardotan prestatuko du eta urtarrilaren 31n 2X1 porruak eta Gabonetako makarroi jana.



Bideoak (1)