Igandean
"Zeru Ahoak" EITBren euskarazko fikzio berriaren estreinaldia, igandean, ETB1en eta PRIMERAN plataforman
Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu eta bi egunera iritsiko da EITBra Koldo Almandozen lana. "Hondar Ahoak" basque noir fenomeno arrakastatsuaren ostean, bueltan dugu Nerea Garcia inspektorea, oraingoan ere Nagore Aranburuk antzeztuta. 22:00etatik aurrera, lehen atala ikusgai.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Igande honetan, irailak 28, estreinatuko du EITBk "Zeru Ahoak" (2025) Koldo Almandoz zuzendariaren fikzio berria, Donostia Zinemaldian historia egin ostean. Izan ere, lehenengoz hartuko du parte Sail Ofizialean euskarazko serie batek. Gaur bertan izango da hori, Kursaalen; eta, pantaila handian proiektatu eta bi egunera iritsiko da lehen atala ETB1era eta PRIMERAN plataformara, 22:00etan.
EITBk 2020an estreinatutako "Hondar Ahoak" arrakastatsuaren bigarren zatia da hau; eta, oraingoan ere, Nerea Garcia inspektorea (Nagore Aranburu) dugu protagonista, irmoago, isolatuago eta inoiz baino etsai gehiagorekin.
Nerea bolada txarra pasatzen ari da eta ez da bere Bilboko etxetik apenas ateratzen. Lau urte igaro dira Ertzaintzatik kanporatu zutenetik. Erritualen batean hildako emakume baten gorpua agertzen denean, bere nagusi ohiak ikerketarekin laguntzeko eskatu dio. Alabaina, Nereak ez du susmatzen iraganeko eta orainaldiko mamuek hiriko estoldetara jaistera behartuko dutela, non ezer eta inor ez diren diruditenak.
Nagore Aranbururekin batera, antzezleen artean daude Josean Bengoetxea, Ramon Agirre, Sara Cózar eta Miren Gaztañaga, besteak beste. Koldo Almandoz eta Harkaitz Canorena da gidoia; eta musika, berriz, Aitor Etxebarriak sortu du. Txintxua eta Garabi Films ekoiztetxeen lana da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, RTVEren eta EITBren partaidetzarekin.
EITBren plataforman ikusgai dugu "Hondar Ahoak" telesailaren denboraldi osoa; eta, igandetik aurrera, astero-astero, "Zeru Ahoak" fikzioaren atal berri bat, ETB1en eta PRIMERANen.