11:25ean
"Ingura" euskara ikasteko saio modernoa, ETB2n eta eitb.eus-en
EITB
HABEk helduak euskalduntzeko sortu duen INGURA ikas-ingurune digitaleko bideoak emango ditu EITBk, astelehenetik ostiralera, 11:25ean.
Xabi Ormazabal "Ingura" saioan
HABEk helduak euskalduntzeko sortu duen INGURA ikas-ingurune digitaleko bideoak emango ditu EITBk, ETB2n eta eitb.eus-en. Egunero, "En Jake" saioaren aurretik izango da ikusgai "Ingura" tarte laburra (11:25ean). A1 eta A2 mailako edukiekin osatuko da.
Saioek bi zati izango dituzte: lehenengoan, 3 minutuko fikzioa, egunerokoan euskara erabiltzeko hainbat egoera planteatuz, eta euskal aktoreek parte hartuko dute. Antton Telleriak idatzi ditu fikzio egoera horiek. Bigarren zatian, berriz, fikzio hori oinarritzat hartuta, 5 minutuko azalpena egingo da, euskal komunikazio munduko aurpegi ezagunen eskutik: Xabi Ormazabal, Oihana Maritorena, Asier Odriozola eta Ane Zuazubiskar. Tarteak oso era berritzaile eta modernoan daude grabatuta eta 140 saio izango dira guztira.
"Ingura" saioa
Ingura proiektua euskara online ikasteko ingurune digitala da, edozein gailutatik sartzeko, noiznahi eta nonahi. A1 mailatik C1 mailara bitarteko ikastaroak ematen ditu eta ingurune eleaniztuna da. Lau hizkuntzatan aritzeko aukera ematen du: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.
Ekimena Eusko Jaurlaritzak euskararen erabilera soziala bultzatzeko duen estrategiaren barruan kokatzen da, euskaltegien lana osatuz eta indartuz, eta esparru digitalean ate berriak irekiz. Ingurak ingurune irisgarria, malgua eta erakargarria zabaltzen du, edozein pertsonak hizkuntza ikasten hasteko eta aurrera egiteko aukera izan dezan.
Euskara zabaltzea oinarrizko helburu izanda, EITBk ahalegin hori bultzatzen eta hedatzen jarraitu nahi du, "Ingura" saioaren bitartez.