Estreinaldia
ETB1ek "Desagertuta" telesaila estreinatuko du igandean
PRIMERANen marka guztiak hautsi dituen euskal thriller arrakastatsuaren lehen bi atalak eskainiko ditu ETB1ek, 22:00etatik aurrera.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euskal publiko gaztearen artean ikus-entzunezko fenomeno bihurtutako "Desagertuta" telesaila estreinatuko du asteburuan Euskal Telebistak. Igande honetan, urriak 26, euskarazko fikzio arrakastatsuaren lehen bi atalak eskainiko ditu ETB1ek, 22:00etatik aurrera. EITBren parte-hartzea duen lanak marka guztiak hautsi zituen PRIMERANen: inoiz ikusi gabeko estreinaldi ikusgarri baten ondoren, plataformaren historian edukirik arrakastatsuena bihurtu zen.
Jon gaztearen desagerpen misteriotsua du oinarri. Lagunekin batera gaua mendian pasa ostean, inork ez du haren berri. Pista bakarra dute: sare sozialetan argitaratutako bideo kezkagarri bat, birala egingo dena eta denetariko espekulazioak zabalduko dituena. Zortzi ataletan zehar, hari buruz gehiago deskubritzen joan gara, Mikel, Maria, Javi, Amaia, Iker, Ane eta Jonen beraren bitartez.
Freskotasuna, hurbiltasuna eta talentu handiko aktore gazte zerrenda luzea ditugu arrakasta honen osagaietako batzuk: Jon Lukas, Ane Rot, Ainhoa Larrañaga, Asier Rikarte, Ainhoa Azpitarte, Unai Arana eta Julen Taboadarekin batera Itziar Atienza, Gorka Otxoa, Jon Olivares, Leire Martinez…. Publiko gazteak bikain erantzun dio filmatze estrategia berritzailea ekarri duen euskarazko fikzio honi (euskaraz eta gaztelaniaz aldi berean grabatutako lehen telesaila dugu "Desagertuta"), eta euskal musikak, gainera, nortasuna ematen dio.
Aste honetan bertan bi PRODU sari lortu ditu lanak: Jon Lukas gazteak aktore berri onenaren saria jaso du; eta Xabi Zabaleta, Marta Grau eta Jesica Aran gidoilariek suspensezko telesailaren gidoi onenarena. Iberoamerikako ikus-entzunezko industriaren bikaintasuna aitortzen dute PRODU sariek.
Desagertuta AIE, Pausoka eta Zebra Producciones (Grupo iZen) ekoiztetxeek egin dute elkarlanean fikzioa, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin.