Gabonak EITBn
Aurten ere "Gabon Kantak" saioan aurpegi ezagunek Euskadiko Orkestrarekin abestuko dute
Fernando Velázquez konpositoreak moldatutako kanten artean, besteak beste, Rozalén euskaraz entzungo dugu "Hator, hator" abesten; Janus Lesterrek, berriz, "Lurra etxe" kantatuko du eta Martinek "Din dan don /Jingle bells".
Your browser doesn’t support HTML5 video
EITBren eta Euskadiko Orkestraren arteko elkarlana da "Gabon Kantak", eta, aurten ere, ETBko programazioan izango dugu. EITBko hainbat profesionalek eta zenbait artistek gabon kanta ezagunak grabatu dituzte Euskadiko Orkestrarekin batera. Fernando Velázquez konpositoreak moldatu dituen obra horiei ahotsa jartzen, halaber, Jose Luis Ormazabalek zuzendutako Bilboko Koral Elkarteko Haurren koruko eta Juan Gaizak zuzendutako Iruñeko Orfeoiko Gazte Abesbatzeko kideak izango ditugu, artista gonbidatuekin.
Ekimen berezian, besteak beste, Rozalén izango dugu euskaraz "Hator, hator" kantatzen. Janus Lesterrek, berriz, "Lurra etxe" abestuko du eta Martinek "Din dan don /Jingle bells".
Horiekin batera, Nerea Reparazek ("Gaur Egun") eta Arnaitz Fernandezek ("Eguraldia") "Olentzero" abestuko dute; Ylenia Baglietto aktoreak eta Odei Esnaolak ("Euskadi Quédate") "Ireki begiak"; Sara Gandarak ("La Noche De") eta Armintz Gorrotxategik ("Dagonean Bonbon") "Dios te salve"; Itziar Ituño aktoreak "Horra, Mari Domingi", eta Ainhoa Azpitarte, Asier Rikarte eta Ane Rotek ("Desagertuta") "Adeste fideles/Zatozte kristauak".
Kanta horiek guztiak banan-banan txertatuko dira ETBko programazioan abenduaren 5etik aurrera. Halaber, emanaldi osoarekin gozatzeko aukera izango dugu Gabon gauean (abenduak 24), ETB1en eta eitb.eus-en.