Itxi

Urtezaharra

"Biba 2026" gala berezia, kanpaiak zuzenean Gasteiztik eta ZETAKen "Mitoaroa" ikuskizuna, ETB1en

EITB

Kanpaien aurretik eta ondoren, "Biba 2026" gala ikusgarria izango dugu ikusgai, Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak aurkeztuta; eta 23:40an, berriz, kanpaiak zuzenean Gasteiztik, Ilaski Serrano eta Xabier Usabiagaren eskutik. Urtarrilaren 1ean, Pello Reparazen 'Mitoaroa' ikuskizuna eskainiko da.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Musikarik onena dakarkigu ETB1ek 2025ari agur esan eta urte berriaren ongietorria egiteko. Hasteko, gaur , 21:00etan, "Go!azen" telesaileko neska-mutilek Donostiako Kursaalen eskainitako musika eta dantza ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute etxeko txikienek; eta, ondoren, "Beti Oskorri" ikuskizuna eskainiko da, hainbat artista eta musikarik euskal talde mitikoari egindako omenaldia.

22:55ean hasita, berriz, "Biba 2026" gala berezia aurkeztuko dute Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak: protagonistak eta platoa dotore jantzita, urteko azken gauaz gozatu eta urte berriari ongietorri distiratsu eta bizia emateko. Horretarako, beste behin, Euskal Herriko hainbat abeslari eta musika talde izango dituzte taula gainean: Nøgen, Gatibu, Mirua, Korrontzi, Puro Relajo, Neomak, Gozategi, Joselu Anaiak, Sukena, Bengo, Xiberoots, Xsakara, Aimarz, Maruxak…  kanpaien aurretik eta ondoren (00:10) izango da Urte Zaharreko saio berezia.

23:40ean Gasteizekin egingo dute konexioa, orduan hasiko baita "Kaixo 2026" kanpaien zuzeneko emanaldia, EITBk Plaza Berrian antolatu duen festa handiarekin. Aurten, Ilaski Serranok eta Xabier Usabiagak aurkeztuko dituzte kanpaiak eta musika ikuskizun bikaina eskainiko digute bi artista handik: Aiora Renteria eta Zea Mays taldeko musikariek Doctor Deseo taldeko Francisekin batera abestuko dute Corazón de Tango doinu ezaguna, non eta Gasteizko Santa Maria katedralean.

Urtarrilaren 1ean ZETAKen Mitoaroa

Urteko lehen egunean ere musika protagonista Euskal Telebistan. Pello Reparaz buru duen ZETAK taldeak Iruñeko Nafarroa Arenan eskainitako "ZETAK Mitoaroa" ikuskizuna izango da ikusgai ETB1en, 22:15ean. AAZTIYEN diskoa du ardatz eta Nafarroako Unanuko tradizio, kultura, mito eta pertsonaietan oinarrituta sortu zituen ZETAK taldeak lan horretako abestien letra, doinu eta iruditeria. Erramun Martikorenarekin batera, emanaldi berezi honetan ondoan izango ditu Unanuko Mamuxarruak, Lantzeko Ihauteria, Kukai Dantza, Iturengo Joaldunak, Tuterako Zipoteroak, Altsasuko Momotxorroak, Zubietako Joaldunak eta Arbizuko Txatarrak, besteak beste. Ondoren etorriko diren Mitoaroa II eta Mitoaroa III ikuskizunetan lehena da hau.

Behin emanaldia bukatuta, ZETAK, hau ez da kontzertu bat dokumentala eskainiko da, Unanutik Mitoarorantz egindako ibilbidea aztergai.


 

Albisteak (2)

Bideoak (3)