EH Hegan
Ia 400.000 lagunek bat egin dute "Euskal Herria Hegan" saioaren lehen denboraldiarekin
Gure lurraren esentzia inoiz ez bezala erakutsi duen dokumental sailak igandean du azken emankizuna ETB1en, irudi onenen bildumarekin. Udazkenean ETB2n izango dugu ikusgai.
Euskal Telebistaren denboraldiko apustua izan den "Euskal Herria Hegan" saioa igande honetan amaituko da, bederatzi ataletako irudi onenen bildumarekin. Joan den azaroan estreinatu zenetik, ia 400.000 lagunek egin dute bat Euskal Herria airetik erakutsi duen dokumental sailarekin: % 4,3ko batez besteko audientzia izan du ETB1en. Udazkenean izango dugu ikusgai ETB2n.
Gure lurraren esentzia inoiz ez bezala erakutsi du "Euskal Herria Hegan" saioak, Fernando Velazquezek konposatu eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoak interpretatutako musikak lagunduta, eta Miren Gaztañaga aktorearen narrazioarekin. Bederatzi ataletan, zentzumenekin gozatzeko bidaia bizia egiteko parada izan dute ikus-entzuleek, edertasun handiko naturagune eta eraikin ikusgarrietan barrena, lekuan lekuko tradizio, mito eta kondairak ezagutuz. Paraje horietan euskal musikariek eskainitako emanaldiek jantzi dute mimo handiz egindako ekoizpena.