Laster
"Bizi Natura" estreinatuko du EITBk, "Springwatch" BBCren formatu arrakastatsuaren lehen egokitzapena
ETB1, ETB2, eta ETB ONen ikusgai egongo den saioak Euskal Herriko biodibertsitate eta ondare naturala erakutsiko ditu. Ikus-entzuleei bizitza basatia denbora errealean erakutsiko die.
"Bizi Natura"
"Bizi Natura" izenburupean, "Springwatch" izeneko BBCren historia naturaleko formatu txalotuaren egokitzapena estreinatuko du EITBk laster. Jatorriz, 2005ean Erresuma Batuan kaleratu zen saioa bizitza basatiaren zuzeneko emanaldiaren eta adituen narrazioen konbinazio bereziagatik egin zen ezaguna eta egokitzapen bat izango du EITBn. Mugarri esanguratsua izango da euskal komunikazio taldearentzat.
BBC Studioseko kide den Brutal Mediak ekoitzia, "Bizi Natura: Udaberria" lanak zuzenean erakutsiko du gure lurraldeko hainbat leku bereziren biodibertsitate aberatsa eta ondare naturala. Halaber, publikoa denbora errealean bizitza basatira hurbilduko du.
Erresuma Batuko "Springwatch" oso marka entzutetsua da, BBC Studioseko Historia Naturaleko Unitateak ekoitzita. Ikus-entzuleak liluratzen ditu zuzeneko emanaldien, adituen kontakizunen eta bizitza basatiaren jarraipen murgiltzailea tartekatzen dituen saioak. Bi hamarkadatan Erresuma Batuan arrakastatsu eskaini ondoren, nazioartean egindako lehen urrats azpimarragarria da, audientzia berri batera iritsiko baita.
"Bizi Natura: Udaberria" programak 15 atal izango ditu guztira. Telesaila maiatzaren amaieran estreinatuko da, ordubeteko saio berezi batekin, ordutegi nagusian, eta EITBren bi kanal nagusietan emango da, ETB1en eta ETB2n eta baita ETB ONen ere. Ondoren 13 atal etorriko dira, gehienak zuzenean, mundu naturalaren berehalakotasuna eta ustekabekotasuna bilduko dituztenak. Denboraldia amaitzeko, ordubeteko saioa egingo da ikus-entzule gehien biltzen dituen ordutegian.
Euskal Herriko kokaleku nabarmenetan filmatuta, lurraldeko ekosistema desberdinak erakutsiko ditu telesailak, zuzeneko bizitza basatiko uneak, adituen ezagutzak eta ikusleak naturarekin konektatzeko diseinatutako narrazio liluragarria uztartuz.
Sumi Connockek, BBC Studioseko Creative Network and Formats erakundeko presidenteorde exekutiboak, honako hau adierazi du: "Izugarri hunkituta gaude "Springwatch"ek Erresuma Batuko mugak lehen aldiz gainditzen dituela ikusteaz. Formatu bat baino gehiago da: telebista ekitaldi bat da, urtetik urtera publikoarekin lotura emozional sakona sortu duena, bere benetakotasunari eta esperientzia partekatuaren kutsuari esker. "Bizi Natura: Udaberria Euskal Herrian" tartea lantzeko EITBrekin lan egitea aukera zoragarria da bertako faunari berezia erakusteko eta hein berean, saioaren izpirituari eutsiz".
Isabel Duranek Brutal Mediako entretenimenduko zuzendariak, bestalde, "Springwatch"en nazioarteko lehen egokitzapenaren buru izateko eta formatu bereizgarri hori Euskal Herrira ekartzeak duen garrantzia azpimarratu du: «Brutal Mediak arrakasta handia izan du Estatuan BBC Studiosen formatuak egokitzerakoan, eta honako hau urrats zirraragarria da factual entretenimenduaren formatuen baitan. Euskal Herriak ingurune natural aberatsa eta askotarikoa erakutsiko du, eta formatu honekin benetakoa eta tokiko ingurunean sakonki errotua den serie bat sortzeko irrikan gaude».
Amaitzeko, Isabel Octavio ETBko zuzendaria "Sprinwatch"en Erresuma Batutik kanpoko lehen egokitzapen honen garrantziarekin bat etorri da, baita ere. «Euskal Herrian biodibertsitate harrigarriz inguratuta bizi gara, eta bioaniztasun hori garenon parte da, nahiz eta beti ez garen horretaz jabetzen. Programa hau pausatzeko, behatzeko eta hurbileko izaera hori begi berriekin begiratzeko gonbidapena da. Hunkitu egin nahi dugu, baina baita kontzientzia piztu ere, entzuleek natura ikusteaz gain, natura hori norberarena dela sentitzea nahi dugu. Hain zuzen ere, zerbait benetan dagokigula sentitzen dugunean bakarrik ulertzen baitugu hori zaintzearen garrantzia».