Astelehenean eta asteartean
Programazio berezia ETBn, Carlos Garaikoetxea lehendakariaren heriotza dela-eta
EITB
'Garaikoetxea, eraiki gabeko herrialdea' dokumentala eskainiko du ETB2k astelehen eta astearte gauean. Lehendakariak berak eta bere gobernuko kide nabarmenek egindako kontakizunaren bidez, herrialde bateko makineria instituzionala zerotik abiaraztea nolakoa izan zen jasotzen du ikus-entzunezkoak.
Carlos Garaikoetxea lehendakaria dokumentalean
Carlos Garaikoetxea lehendakariaren heriotzaren berri izan ondoren, EITBk bere ohiko programazioa aldatu du, Garaikoetxea Lehendakaria, eraiki gabeko herrialdea / Lehendakari Garaikoetxea, un país por construir dokumentala eskaintzeko. Herri baten eraikuntza markatu zuten mugarrien bitartez, bere karismagatik historiara igaroko den lehendakariaren erretratua egiten du dokumentalak. Astelehen arratsaldean eta gauean eskaini da ETB1en. ETB2n, astelehen gauean lehen atala eman da, eta astearte gauean bigarrena izango dira ikusgai, 22:15ean. Telebistako emanaldiaren ostean ETB ON plataforman eskura egongo da eta podcast bertsioa (gaztelaniaz) entzungai dago jadanik GUAU plataforman.
Lehendakariak berak eta bere gobernuko kide nabarmenek egindako kontakizunaren bidez, ikus-entzunezko lanak berrikusten du nola jarri ziren martxan erakundeak, nola negoziatu ziren finantza-tresnak, nola garatu zen Estatutua eta nola iritsi ziren eskumenak, Euskadi bere azken aldiko historiako krisi ekonomiko eta sozial okerrenetako batetik ateratzea ahalbidetu zutenak.
1979. eta 1980. urteen artean Eusko Kontseilu Nagusiko buru izan ondoren, Carlos Garaikoetxea demokraziaren lehen lehendakari bihurtu zen, Franco hil ondoren. Lan arriskutsua hartu zuen bere gain, inork ez zekielako nola garatu zitezkeen gertaerak eta nola izan beharko luketen erakunde sortu berriek. Hala erakusten dute bere gobernuko sailburu garrantzitsuenetako batzuek: Pedro Luis Uriarte, Euskal Ekonomia Itunaren negoziatzailea, Pedro Miguel Etxenike, Hezkuntza eta Kulturako arduraduna eta gobernuaren bozeramailea, edo Ángel Larrañaga, Osasuneko sailburua, Osakidetzaren izena asmatu zuena euskal osasunaren transferentzia lortu ondoren. Denek uste dute zaila dela zerotik aurrera herrialde bateko makineria instituzionala abian jartzea.
Dokumentalak ilusioz beteriko aldi baten erronka handiak errepasatzen ditu, Patxi Zabaleta eta Uxue Barkos Nafarroako politikariek, Elixabete Garmendia eta Charo Zarzalejos kazetariek, Emilio Guevara Arabako diputatu nagusi ohiak edo José Ramón Beloki Eusko Jaurlaritzako Komunikazioko arduradun ohiak egindako ekarpenarekin.