Emanaldi ahaztezinak
Euskal musika taldeen hitzordu ahaztezinak, igandero, ETB1eko "Zure Bizitzako Kontzertua" saio berrian
EITB Media
Kontzertu eta emanaldi berezi, hunkigarri eta historikoak ekarriko dizkigu uda honetan Joseina Etxeberriak. Lehen atalean, Hertzainak taldeak BECen egindako zuzeneko magikoa. Ondoren iritsiko dira Fermin Muguruza, IZARO, Gorka Urbizu, Errobi, Gatibu eta ZETAK, besteak beste.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Zein da zure bizitzako kontzertua? Asko eta asko dira gu guztiontzat ahaztezinak diren euskal musika taldeen emanaldi eta zuzenekoak. Azkenaldian, gainera, gure taldeen hitzordu zirraragarri eta historikoak bizi izan ditugu, eta bertan izan dugu, nola ez, EITB, horiek guztiak zuzenean eskaintzen edo grabatzen. Uda honetan, igandero, emanaldi horiekin gozatzeko aukera izango dugu ETB1en eta ETB ON plataforman, Joseina Etxeberriak aurkeztutako "Zure Bizitzako Kontzertua" saio berrian.
Hertzainak, Huntza, ETS, Doctor Deseo, Fermin Muguruza, Gorka Urbizu, IZARO, Esne Beltza, Errobi, Gatibu, Bulego eta ZETAK. Horien guztien ikuskizun handi eta zirraragarriak eskainiko ditu Euskal Telebistak igandeetan.
Lehen atalean, Hertzainak taldeak 2022ko abenduan BECen egindako kontzertu historikoa eskainiko da. Euskaldun askoren emozio kolektiboak piztu zituen zuzenekoak, 80ko hamarkada hasieran sortutako talde mitikoak betiko utzi dizkigun "Ta zer ez da berdin", "Pakean utzi arte", "Aitormena", "564", "Arraultz bat pinu batean", "Drogak AEKn", "Hil ezazu aita", "Rock & roll batzokian" eta beste kanta batzuen eskutik. Gau berezi eta magiko hori berriz ere bizitzeko aukera izango dugu uztailaren 12an.
Uda honetan, euskal musikak eta artistek leku berezia izango dute "Zure Bizitzako Kontzertua" saioan. Igandeetan, 22:15ean, ETB1en eta ETB ONen.