Itxi

Gaurtik aurrera

Zorroztasuna, hurbiltasuna eta kalitatezko informazioa, ETBko albistegien denboraldi berriaren ardatzak

Leer en Castellano

Nerea Reparazek aurkeztuko du eguerdiko "Gaur Egun",  Xabier Usabiagak gauekoa, eta Lierni Agirrezabalak asteburukoa. África Baetak eta Dani Alvarezek gidatuko dute "Teleberri" aste barruan, eta Saioa Martijak asteburuetan. Irati Errandoneak eta Asier Oteguik "Egun On" aurkeztuko dute.

ETBko albistegietako aurkezleak. Argazkia: EITB

Kalitatea, egiazkotasuna, zorroztasuna eta hurbiltasuna oinarri, astelehen honetan, irailak 7, jarriko da abian ETBko albistegien denboraldi berria, informazioan erreferente eta audientzian erabateko lider dugun eskaintza sendo batekin. Izan ere, 2.584.000 ikus-entzulek egin dute bat ETBko albistegiekin 2025/2026 denboraldian eta, batez beste, % 25,6ko audientzia-kuota lortu dute. Hain zuzen ere, "Teleberri"k % 21,8ko ikusle kuotarekin itxi du denboraldia, eta lider da Euskadin edizio guztietan. "Gaur Egun"ek, bestalde, % 9,8ko batezbestekoa lortu du euskaldunen artean. 1,3 milioi ikus-entzulek baino gehiagok jarraitu dute euskarazko albistegia azken hamabi hilabete hauetan zehar. 

Bereziki esanguratsuak dira abuztuko datuak. "Gaur Egun" albistegiak 2007ko abuztutik izan duen hileko kuotarik altuena lortu du, % 5eko audientzia zatiarekin (euskaldunen artean % 12,4koa). Hileko kuotarik altuena da ia bi hamarkadatan. "Teleberri"k ere % 23ko datu  ikusgarriarekin amaitu du abuztua, zifrarik altuena 2021eko urtarriletik. Are gehiago: eguerdiko edizioak % 30etik gorako emaitza izan du behin baino gehiagotan, eta hilabetea % 26,5ean bukatu du. Horri guztiari "Egun On" goizeko albistegiaren datuak gehitu behar zaizkio: 272.000 lagunek egin dute bat emanaldiarekin aurreko hilabeteotan.

Hastear den denboraldi berri honetan ETBko albistegiek euskal gizartearekin eta kalitatezko informazioarekin duten konpromisoari eutsiko diote, ikuspegirik osoena, gako guztiak, zergatien azalpena eta irtenbideak ere mahai gainean jarrita. Hauteskunde deialdiek markatutako kurtsoa izango da hau: hauteskunde orokorrak; udal eta foru hauteskundeak EAEn; eta udal eta Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak. Beraz, albistegiek gaurkotasun politikoan jarriko  dute arreta, berezkoa duten izaera galdu gabe beti: zorroztasuna, seriotasuna eta hurbiltasuna. Izan ere, munduan gertatzen denari begira, albistea sortzen den tokitik bertatik arituko dira ETBko albistegiak, gurean eta gure inguruan gertatzen denari gertu-gertutik  jarraituta. Horretarako, aurten ere, platoa utzi eta kalera irtengo dira kanpoaldean zuzenean albiste bereziak eskaintzeko (urrutira joan gabe, irailean bertan, Gipuzkoako hiriburuan izango dugu lehen hitzordua, Donostia Zinemaldia dela-eta). Eta hori guztia datu-kazetaritza eta azterketa sakona ahaztu gabe, erreportaje berezien eskutik.

Gure gertuko gaurkotasuna eta munduan gertatzen den guztia geuregana ekartzeko beharrezko baliabide guztiak ditu ETBk, erredakzioan profesional talde zabal baten eta korrespontsal sare oso baten eskutik beti. Eta, nola ez, guztion erreferentziazko albistegiak: "Egun On", "Gaur Egun" eta "Teleberri".

Albistegietako aurkezleak

Astelehenetik aurrera, Nerea Reparazek aurkeztuko du eguerdiko "Gaur Egun" (14:00etan), eta Xabier Usabiagak bigarren edizioa (20:00etan). Lierni Agirrezabalak, berriz, asteburuetan jarraituko du ETB1en. ETB2n África Baetak (14:00) eta Dani Alvarezek (21:00) eutsiko diote "Teleberri" albistegiaren gidaritzari, astelehenetik ostiralera; eta Saioa Martijak asteburuetan.

Asier Oteguik eta Irati Errandoneak aurkeztuko dute, goizero, ETB1eko "Egun On" albistegia, irailaren 14tik aurrera. Ohi bezala, egunak dakarrena aurreratu eta azken orduko albisteak izango dira ardatz, baina berrikuntza batzuk ere ekarriko ditu denboraldi berriak, tartean egunero sekzio berria, ekonomia, osasuna, kirola edo eta kultura alorretako gaietan etenalditxo bat egiteko.