Aurkezpena
Geurea eta audientziaren aitortza duen programazio egonkorra prestatu du ETBk udazken honetarako
EITB
Udan izandako audientzia datu onek hauspotuta, entretenimendua eta hurbiltasuna ardatz izango dituen denboraldi berriaren inguruko xehetasunak aurkeztu ditu Isabel Octavio ETBren zuzendariak, hainbat aurkezle, aktore eta kolaboratzaile lagun dituela.
ETBren denboraldi berriaren aurkezpena
Urtero bezala, Gasteizko FesTVal jaialdiaren barruan aurkeztu du Euskal Telebistak udazkeneko programazioa. Astearte honetan (irailak 8), Europa Jauregian egindako ekitaldira, Isabel Octavio ETBren zuzendariarekin batera, aurkezle talde zabala batu da. Gertutasuna eta zintzotasuna aldarri hartuta ekingo dio ETBk denboraldi berriari, udako audientzia datu onek hauspotuta. Arratsalde zein gaueko entretenimendu eskaintza egonkorra, sendoa eta geurea prestatu du. Horrez gain, garrantzia handia izango dute aktualitateak eta zuzeneko emanaldiek.
ETB1ek arratsaldeetako eskaintza sendotuko du, Armintz Gorrotxategik gidatuko duen "Sukalerrian" saioa iluntzera pasata eta "Biba Zuek"en iraupena luzatuta. Ia lau orduko saioa egingo dute Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak, 15:15ean hasita. Euren esentziari eutsiko diote, euskal gizarteko errealitate eta istorioak lehen lerrora ekarriz. Kolaboratzaile berriak izango dituzte: Aritz Mendiola aktore eta musikaria, Maddi Mendibil ganaduzalea, Nora Rezola medikua, Iraitz Gastañares historialaria, Olaia Larrarte modeloa eta Urko Aristi kazetaria, besteak beste. Saio dinamikoagoa izango da, sare sozialetarako eduki bereziekin, ikusleekin lotura indartu eta publiko berriak erakarri asmoz. Bestalde, konpainiarik onenean kozinatzeko prest izango da Armintz Gorrotxategi, berak bezala, gastronomia eta produktua maite duten gonbidatuekin, 19:00etatik aurrera.
Gauetan, eguneko lan-kargak ahaztu eta ondo pasatzeko aukera izango dute ikus-entzuleek "Mihiluze" eta "Gaupasa" saioekin. Ilaski Serranok eta Antton Telleriak gidatutako lehiaketak haize freskoa emango dioten hiru proba berri izango ditu. Julen Telleriaren late night saioak, bere aldetik, maiatzean hasitako bideari jarraipena emango dio, entretenimendua, elkarrizketak eta umorea uztartuz, Gaubandaren musikak eta kolaboratzaileek lagunduta.
Bestalde, igandeetan "Tribuaren Berbak" saioaren atal berriak izango ditugu. Euskara erdigunean jarrita, hizkuntzen unibertsoan barna murgilduko dira Kike Amonarriz eta Izaro Arruti, eduki interesgarriekin. Halaber, "Go!azen"en 13. denboraldi berria azaroan helduko da, berrikuntzekin. Izan ere, Basakabi jada ez da udaleku bat izango, Wellington Music Academy entzutetsuaren Euskal Herriko egoitza baizik.
ETB2n, "En Jake" saioa guztiz berrituta dator. Miriam Duque izango da aurkezle nagusia, Iker Ibañez eta Leire Torre laguntzaile direla. Gainera, informazioak presentzia handiagoa izango du eta analisi mahaian aditu eta kolaboratzaile berriak izango dituzte.
Arratsaldeetan, gizarte gaiak jorratzen jarraituko du Odei Esnaolak "Euskadi Quédate" saioan. Erreportari sare zabala izango dute Euskal Herrian barrena sakabanatuta, kalean gertatzen den guztiaren berri zuzenean emateko. Bestalde, Nafarroako aktualitatea biltzen duen "Navarra Hoy" saioak ostiraletako hitzorduari eutsiko dio, foru erkidegorako deskonexioan, Amaiur Elizariren eskutik.
"Atrápame Si Puedes" (Patxi Alonso), "Esto No Es Normal" (Egoitz Txurruka eta Nerea Alias) eta "Vaya Par" (Anne Igartiburu) lehiaketek ohiko egiturari eutsiko diete. Bestalde, "A Bocados" sukaldaritza saioan, Ander Gonzalezek eta Gabriela Uriartek ongizate fisiko eta mentalari buruzko sekzio berri bat zabalduko dute.
Gauetako eskaintzari dagokionez, Euskal Herriari buruzko bi dokumental sail ditugu ETB2n. "Una Historia de Vasconia" saioaren bosgarren denboraldian, neandertaletatik Ipar-Mendebalde Urruneko euskaldunetarainoko bidaia egingo du Alberto Santana historialariak. "Euskal Herria Hegan: Una mirada desde el aire" saioak, berriz, gure lurraren esentzia airetik erakutsiko digu, Felix Linaresen kontakizunarekin, Fernando Velazquezek sorturiko soinu bandarekin eta euskal musikarien emanaldi gogoangarriekin.
Bestalde, atal berriekin itzuliko da Juan Carlos Etxeberriak aurkeztutako "A Un Metro" elkarrizketa saioa, gonbidatua pertsonaia publikotik atera eta pertsona erakusten dizkiguten solasaldi intimoekin. Halaber, azaroan, "Cómo Hemos Cambiado" saio berria estreinatuko da, Iñigo Lejarzarekin. ETBko artxiboaren une gogoangarriak berreskuratuko ditu, modu arin eta atseginean.
Asteazkenetan, Europako zinerik onena ekarriko digu "La Noche de…" saioak. Gainera, irailaren 18tik 25era, Donostia Zinemaldiaren eguneko kronika egingo du Sara Gandarak Victoria Eugenia antzokitik, 15 minutuko tarte laburretan.
Azkenik, urritik aurrera "Vaya Semanita"ren umore satirikoarekin gozatu ahal izango dugu berriz ere. Geure buruaz eta egunerokotasuneko gertaerez barre egiteko esketx dibertigarriak ekarriko dituzte, beste behin.
Albistegiak, kirolak eta zuzenekoak
Hauteskunde deialdiek markatutako denboraldiari ekin diote ETBko albistegiek, kalitatea, egiazkotasuna, zorroztasuna eta hurbiltasuna oinarri hartuta. Informazioan erreferente eta audientzian erabateko lider den eskaintzaren atzean profesional talde zabala dago erredakzioan eta korrespontsal sare osoa.
Kiroletan, Donostiako Banderak, Caixabank Mastersak eta zesta puntako final fourrak emango die amaiera uda sasoiari. Udazkenarekin batera abian jarriko dira, besteak beste, Lau T'Erdiko Txapelketa esku pilotan eta Winter Series torneoa zesta puntan. Gainera Argentinan jokatuko den Munduko Pilota Txapelketa ere izango dute arreta gune. Aurten, bueltan da EITBn saskibaloiko Endesa Liga. Herri kirolak ere indartsu datoz, "Kirol Herri" eta "Harri Herri" saioekin. Eta urtea amaitzeko, Behobia-Donostia.
Lehen lerroan dabiltzan gure talde eta kirolarien informazio eguneratua "Kirolak" saioan eta kirolakeitb.eus atarian bilduko da, eta "Helmuga" tarteak kirol-diziplina ezberdinen beste aldea jorratzen jarraituko du.
Amaitzeko, gure herri eta hirietako jai, kultura, gizarte... ekitaldi nagusiak denbora errealean eta bertatik bertara bizitzeko aukera izango dugu udazkenean ere ETB Zuzenekoak emanaldien bitartez. Hala, Ordiziako Euskal Jaia, Artziniegako Antzineko Azoka, Amurrioko Artzain Eguna izango dira hurrengo hitzorduak. Halaber, ate joka dugu aurten Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia, EITBn jarraipen berezia egingo zaiona.