Gabonetako bereziak
'Erne! Demonio' gabonetako lehiaketa berezia Mikel Elizegirekin
A.E
EITB
Jendearen parte hartzea, egoera surrealistak, aktualitatea eta entretenimendua uztartuko dituen kaleko lehiaketa da
Your browser doesn’t support HTML5 video
'Erne! Demonio' gabonetako oporretarako lehiaketa berezia estreinatuko da ETB-1en. Mikel Elizegi goizuetarrak aurkeztuta, abenduaren 25, 26 eta 27, eta urtarrilaren 1, 2 eta 3an. Jendearen parte hartzea, egoera surrealistak, aktualitatea eta entretenimendua uztartuko dituen kaleko lehiaketa da. Kale gorrian harrapatzen dituzten lagunak izango dira lehiakideak.
Aurkezleak ere garrantzi berezia du saio honetan: Mikel Elizegi, bera bakarrik baitabil programako hainbat jardueretan. Kamera berak eraman eta erabiliko du, audioa berak kontrolatuko du, sariak erosi eta oparitu, galderak egin, lehiakideak aurkitu… Edozein egoeretan, lekutan, bere kasa aritzeko askatasuna izango du. Erabat autosufizientea da.
'Ordu Txikitan' eta 'Anitzele' saioetan parte hartutako aurkezlearen neurriko programa izango da, beraz, eta, jakina, nahierara endredatu ahal izango du.
Sariak ere bereziak ditu 'Erne! Demonio!k'. Dirua banatu beharrean, beste motatako sariak banatuko dituzte lehiaketa honetan. Eguneroko bizitzarako erabilgarriak, funtzionalak eta preziatuak diren sariak: bisigu bat, kiloko txuleta, ogia xigortzeko aparailua, zukuak egitekoa tresna, presio eltzea, komuneko papera, asteko erosketa...
Probak, berriz, errazak eta biziak izango dira. Kultura orokorreko galderak, denbora laburrean erantzun beharrekoak; memoria eta arreta lantzeko probak, eta lehiakidea abenturazale eta trebea den erakusten dutenak besteak beste. Guztiak ere entretenigarriak eta arin-arin egingo diren probak. Lehiakideak eta ikus-entzuleak, jakina, ondo pasatzea helburu du lehiaketak.
'Erne Demonio' gaueko 21:00etan izango da ikusgai ETB-1en.