Emanaldi bereziak
Gabon Gauean kantari, ETB-1en
A.A.
EITB
'EKG' saioaren aurretik, bi emanaldi berezi eskainiko dira, euskal kantu zaharrekin eta gabon kantekin.
Kanturako zaletasuna dutenek, beste bi emanaldi berezirekin gozatzeko aukera izango dute Gabon Gauean, 'Euskal Kantuen Gaua' saioaren aurretik. Batetik, Bilbao 700 Fundazioaren Eguberritako Kontzertua, Begoñako Basilikan grabatutakoa; bestetik, Urdazubiko Dantxarinea auzoan, Kantu Zaharren egunean, grabatutako ikuskizuna.
Bilbao 700 Fundazioaren Eguberritako Kontzertuan gabon kantak izango ditugu entzungai, Bilboko Koraleko Kontserbatorioko abesbatzaren ahotsean. Jose Luis Ormazabalek zuzenduta, nazioarteko mailan ezagunak diren piezak abestuko dituzte, tartean, 'Angelus ad pastores ait', 'Veni Domine', 'Ave Maria' edo 'A ceremony of Carols'.
Urdazubiko Dantxarinea auzoan, Kantu Zaharren egunean, grabatutako emanaldian, gure betiko euskal kantuak izango dira protagonista: 'Euskal Herrian euskaraz', 'Aitorren hizkuntza zaharra', 'Eperra', 'Ikusi mendizaleak', 'Habanera', 'Baldorba' eta 'Xalbadorren heriotzean', besteak, beste.