Itxi

Gabon Zaharra

30. urtemuga ospatuz agurtuko du urtea ETBk

A.A.

EITB

Kanpaikadak Bilboko egoitzatik emango dira eta umorea izango da nagusi ETBko bi kateetan.

30. urtemuga ospatuz agurtuko du urtea ETBk

Urte Zaharrean jai handi batekin ospatuko du jaio zeneko 30. urtemuga ETBk, eta kanpaikadak EITBko Bilboko egoitzatik emango ditu. ETB-2n El Pelanas-ek, El Jonan-ek eta Africa Baetak aurkeztuko dituzte kanpaiak eta ETB-1en Maikrux eta Marikarmen atsuena izango da ardura hori.

'30 Urte Gozaaaatzen!', ETB-1en, 23:00etan

Urtezahar Egunean, Maikrux eta Marikarmen izango dira kanpaikadak ematearen arduradun ETB-1en. Horretarako, ETBko autobusa hartuko dute, Julian Iantzi gidari dela. Miramonen jasoko duten Joseina Etxeberria izango da autobuseko DJa. Kanpaikadetan, noski, Pello Zabala izango dute lagun.

ETBko autobusean 30 urteotako hainbat aurpegi ezagun bilduko dituzte, urteurrena ospatzeko: Igeldon Joxemari Olasagasti eta Juan Karlos Izagirre (Donostiako alkatea); bide bazter batean Euzkitze eta Mikel Elizegi; Miramonen 'Goenkale'ko gazteak -Joannes Pasicot, Maitena Salinas, Xabier Perurena, Maria Cruishank, eta baita Itziar Ituño, Pedro Otaegi eta Ainhoa Aierbe ere; Orion Joxe Luis Korta.

Arzak jatetxetik ere pasako dira mokadutxo bat hartzera eta, bertan, trikitia jotzen Xapre izango da. Tolosan Kike Amonarriz eta Iker Galartza jasoko dituzte Ezeiza gozotegian. Eta Bilboko Carltonean, berriz, zain izango dira Joxe Mari Iriondo, Joxe Mari Otermin, Ainhoa Goikoetxea, Loli Astoreka, Manu Maritxalar eta ETBko eguraldikoak (Andoni Aizpuru, Sara Gandara, Urko Aristi eta Ana Urrutia).

Guztiek batera agurtuko dute urtea eta ondoren, ETBren historiako hainbat fikziozko pertsonaia ezagunek agur-esketx txikiak eskainiko dizkigute.

Saioa ETB-1en eta eitb.com-en izango da ikusgai, 23:00etatik aurrera.

'Que Pim, que Pam, Txipirona', ETB-2n, 23:00etan

'Vaya Semanita'ko eta 'Al Rescate'ko lan-taldeek bat egin dute ETBren 30. urtemuga ospatzeko, eta elkarrekin agurtuko dute urtea 'Que Pim, que Pam, Txipirona' saio berezian. Bertan, ETB-2ko klasiko bihurtu den 'Vaya Semanita' omenduko dute. Denboraldi ezberdinetan ezagun egindako pertsonaiek, aktualitatearen ikuspuntu bitxi eta barregarria eskainiko digute, 'Al Rescate'ko lagunekin batera.

Bertan izango dira Cuadrilla-koak, Santxez familiako kideak, Euskolega ezagunak, Jonan eta Pelanas mitikoak... baita Nekane Amaya ijitu abertzalea, Oriko 'nexkak', Katxi ezaguna eta beste hainbat.

Umoreaz gozatu ondoren, Pelanasek eta Jonanek emango diete ongietorria 2013 urteari Africa Baeta 'Teleberri'ko aurkezlea lagun dutela, EITBren Bilboko egoitzatik.