AURRERAPENA
Bihotz hautsiak, ezusteak eta gorrotoak gaur, 'Goenkalen'
Kevin eta Eiderren maitasunak irtenbiderik ez duela dirudi, Manexek bere bizimodua irauli nahiko du eta Jessiren kasuan ezusteko frogak agertuko dira.
Ezusteak, gorrotoak eta irtenbiderik aurkitzen ez duten amodio kontuak nagusituko dira gaur, asteartea, 'Goenkale'ko atalean, 21:45etan ETB 1en. Kevin Eider berreskuratzeko esperantzaz dagoen bitartean, azken honen bihotza hautsi egingo da Saidek neska laguna duela jakitean.
Manexek ere ez du bere lekua aurkitzen Arralden, lekuz kanpo dagoela sentitzen du, eta hori dela eta bere bizitzan aldaketa erradikalak egingo ditu. Zerotik hasi, inori enbarazurik egin gabe.
Badago, baina, pozik dagoena Arralden. Naroa kartzelatik aske uzteko aukera asko daudela jakingo du Nekanek, bere zorionerako. Hau ez da ordea ezusteko bakarra. Jessiren kasuak bira bortitza emango du, poliziak bere mugikor odoleztatua aurkitzean. Honekin, Lupek bere alaba hiltzat joko du.
Lukasek, bestalde, bere alabaren izena duen fundazioa sortu dutela kontatuko dio Mireiari baina denek kontrakoa uste duten arren, honek Mireiaren gorrotoa areagotu besterik ez du egingo, Lukasi egozten baitio bere alabaren heriotza.