Saio berria
'Debatea' saio berria, gaur, Klaudio Landarekin
ETB-1eko saio berrian aktualitate gaiak jorratuko dituzte
Your browser doesn’t support HTML5 video
Klaudio Landak saio berria estreinatuko du gaur gauean ETB-1en. 'Debatea', aktualitate gaiak jorratuko dituen eztabaida saioa. Lehenengo atalean Urkulluren gobernuak zein erronka dituen aztertuko dute, eta erronka horiei aurre egiteko gai izango ote den erantzuten saiatuko dira.
Jorratuko diren gaiak beti izango dira aktulitakoak: bai politikoak, ekonomikoak, gizarte gaiak. Gaiak, galdera nagusi bat izango du abiapuntu, eta hortik abiatuta gaiaren inguruko ertz guztiak ukitu eta jorratuko dituzte.
Galdera horiei erantzuteko mintzakide finkoak; gaiaren inguruko adituak eta testigantza zuzena emango duten lagunak egongo dira saioan. Halaber, publikoa ere izango du 'Debatea'k, eta publiko horri ere iritzia emateko aukera eskainiko zaio.
Gai bakoitzak abiapuntu gisa galdera bat eduki arren, gai beraren inguruan sor daitezkeen beste hainbat galdera plazaratuko ditu aurkezleak, gonbidatuek euren iritzia eman dezaten eta ikuspegi osoa biltzeko.
Saio bakoitzaren hasieran bideo batean azalduko dira egun horretan mintzagai izango den gaiaren nondik norakoak eta mahaigaineratuko diren itaunak.
Bideoetan jasoko dira, baita ere, testigantzak. Batetik, platora etortzerik ez dutenen testigantzen berri izateko erabiliko dituzte bideoak; bestetik, platora ekarrita ere, aurretik euren istorioa ezagutzeko baliagarri izango diren bideoak erakutsiko dituzte. Kalean egindako inkestak ere bilduko dituzte, herritarren iritziak agertzeko.
Debatea bizia izango da, bai platoan eta baita tarteka sartuko dituzten zuzeneko konexioekin ere. Telefono deiak ere izango dira: parte hartzea bultzatuz, herritarrek euren iritzia eman ahal izango dituzte zuzen-zuzenean.
Lehen programako solaskideak: Aintzane Ezenarro (legebiltzarkide ohia), Lander Garro idazlea, Santi Reyes PPko zinegotzia; Josune Barrena historialaria eta Josu Mendikute kazetaria izango dira. Horiekin batera, Gorka Moreno soziologoa eta enpresa munduko ordezkariren bat ere 'Debate'ko platoan izango dira. Azkenik, Joseba Villarreal ELA sindikatuko Hitzarmen Kolektiboko arduraduna elkarrizketatuko du Klaudio Landak.
Debatea ostegunero izango da ikusgai 22:15etik aurrera.