ETB-2n
Bake prozesuaz, ostegun gauean, ETB-2n
A.E.
EITB
'60 Minutos'en bake prozesuaren momentuaz iritziak jasoko dituzte pentsamolde ezberdineko pertsonen artean. Ondoren,'Glencree, (bake prozesua), elkarrekin egindako bidea' dokumentala emango dute.
ETB-2n, ostegunean, ordutegi nagusian, bake prozesua hartuko dute hizpide. Hasteko, '60 Minutos' saioan, 22:15ean, bake prozesuaren momentuaz iritziak jasoko dituzte alderdi eta pentsamolde ezberdineko pertsonen artean. Ondoren, berriz, 'Glencree, (bake prozesua), elkarrekin egindako bidea' dokumentala eskainiko da.
2011ko urriaren 20an ETAk behin-betikoz armak utziko zituela berri eman zuenetik, gauza asko gertatu da. Baina alor eta sektore gehientsuen esanetan, 30 urte baino gehiago iraun duen gatazka konpontzeko oraindik urrats asko eman behar dira.
Iñaki Lopezek aurkezten duen '60 Minutos' saioak iritzi eta pentsamolde ezberdinak dituzten lagunen adierazpenak bilduko ditu, bake prozesua zertan den galdetuz. Zein puntutan gauden jakin, eman behar diren urratsak, eta amaierak nolakoa izan behar lukeen irudikatu nahi dute saioan.
Joseba Egibar, EAJko GBBren presidentea; Rodolfo Ares, Eusko Jaurlaritzako Barne sailburua aurreko agintaldian; Pernando Barrena, Ezker Abertzaleko kidea, eta Paul Rios, Lokarriko koordinatzailea, izango dira, besteak beste, bake prozesuaren egungo egoerari buruz iritzia emango dutenak.
'Glencree, (bake prozesua), elkarrekin egindako bidea'
'60 Minutos' saioaren ondoren, ETB-2n 'Glencree, (bake prozesua), elkarrekin egindako bidea' dokumentala izango da ikusgai. 2007ko neguan jarri zen abian ekimen hau. Hamar biktimaz osatutako taldea, bost ETAko kide eta beste horrenbeste GAL eta eskuin muturreko taldeen biktima elkartu ziren lehen aldiz. Oso iritzi politiko, sentsibilitate eta biktimizazio ezberdinak jasandako lagunen topagunea izan zen.
2012ko udaberrian amaitu zuten prozesua. Jende aurrean agertu ziren lehenengoz, bost urtetan ezkutuan bildu ondoren. Agerraldi horretan, elkarrekin adostutako agiriaren berri eman zuten. Bertan, partekatuko bizipenak jaso zituzten, jasandako biolentzia guztia errotik bidegabea dela esanez.
Gleencree Irlandako hiriak, ETA eta Batallon Vasco Españolen indarkeria eta mehatxuak, torturak eta poliziaren abusuak izan zituzten 27 lagunentzat berebiziko garrantzia du. Bertan hasi zituzten 2007ko abenduan oso arlo eta jatorri desberdina zuten lagunek topaketak, euren bizipen mingarriak partekatu zituzten. Guztira 17 emakumek eta 10 gizonek egin dute elkarkidetzaren eta adiskidetzearen aldeko lan isila.
Dokumentala Arabako Murua herrian eta Irlandako Glencreen grabatu dute. Hiri horretan dago, hain zuzen ere, Irlandako Adiskidetzearen eta Bakearen aldeko Etxea.
Honakoak dira, besteak beste, dokumentalaren protagonistetako batzuk: Maixabel Lasa Eusko Jaurlaritzako Biktimen Bulegoko zuzendari ohia, Txema Urkijo Eusko Jaurlaritzako Biktimen aholkularia eta talde dinamizatzaileko Carlos Martin Beristain, Julian Ibañez de Opakua eta Galo Bilbao.
Eta biktimen artean beste hauek ere hartzen dute parte dokumentalean: Edurne Brouardek, Santi Brouard Bilboko mediku kontsultan 1984ko azaroaren 20an GALek hil zuen medikuaren alabak, eta Patxi Elolak. Zarauzko PSEko zinegotziak bere negozioaren aurkako eraso ugari izan ditu eta baita mehatxuak ere bere herrian.
Halaber, Fernando Garridok utzi du bere lekukoa. ETAk 1986ko urriaren 25ean hil zuen Rafael Garrido Gil Gipuzkoako gobernadore militarraren semea da. Amaia Guridiren hitzak ere entzungo ditugu. Santiago Oleaga Elejabarrieta 2001eko maiatzaren 24an Donostian ETAk hil zuen El Diario Vasco-ko zuzendari finantzieroa zen Guridiren senarra. Azkenik, Lurdes Zabalzak eskainiko du bere testigantza dokumentalean. Lurdes, Bidasoa ibaian hilik agertu zen Mikel Zabalzaren arreba da. Mikel Zabalza Guardia Zibilak atxilotu ondoren agertu zen hilik. Itxura guztien arabera, 1985eko azaroaren 26an hil zen torturatua izan ondoren.
'Glencree, (bake prozesua), elkarrekin egindako bidea' 23:15ean emango da.