Itxi

San Sebastianak

Donostia eta Azpeitiko danborradak, zuzenean, ETB-1en eta eitb.com-en

A.A.

EITB

Jaien hasiera eta amaiera ekitaldiez eta haur danborradaz gain, Donostia erre zeneko bigarren mendeurreneko oroitzapen ekitaldien hasiera eskainiko da.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Donostian eta Azpeitian ospatuko diren San Sebastian jaietako ekitaldi nagusiak ETB-1en eta eitb.com-en ikusgai izango dira asteburuan. Ohiko bandera igoera eta jeitsierarekin, eta haur danborradarekin batera, Donostia erre zeneko bigarren mendeurreneko oroitzapen ekitaldia eskainiko da.

Larunbat goizean, 11:50ean bat egingo dute ETB-1ek Donostiarekin. Alderdi Ederreko terrazan, 1813-2013 Bigarren Mendeurrenaren oroitzaren lehen ekitaldia egingo da: danborraden omenaldia herritarrei. Bi mende dira tropa ingeles eta portugaldarrek hiria erre eta suntsitu zutenetik, eta baita Zubietako Aizpurua baserrian berreraikitzeko erabakia hartu zelaeta lan hari herritarrek ekin ziotela. Gertakizun haiek hiriaren historian mugarri bat izan zirenez, ezagunak, aitortuak, berreskuratuak eta gogoratuak izan behar dute.

Helduen eta haurren konpainietako mila danborrarik baino gehiagok Jose Juan Santesteban maisuak bildu eta danborradetarako moldatutako 'Donostiako Antzinako himnoa' joko dute, Txistularien Udal Banda lagun dutela. Donostiako Martxa zen 1813an eta gaur egungo hiria posible egin duten herritarren omenez interpretatuko da. Imanol Artolak emango du ekitaldiaren berri eta Luisma Laboak elkarrizketak egingo ditu bertan.

Gauean, 22:20ean abiatuko da 'Danborrada Gaua' emanaldi berezia. Imanol Artola eta Maite Eskarmendi Donostiako Konstituzio plazan izango dira eta zuzenean emango dute festaren nondik norakoen berri. Erredakzio lan taldean Kristina Urrutia kazetaria ere egongo da.

Udal liburutegiko erlojuak gauerdia markatzen duenean entzungo dira lehen danbor hotsak Donostian. Ohi denez, Gaztelubidekoak egongo dira taula gainean, beste konpainietako ordezkariekin batera, Jose Ramon Mendizabal Danbor Nagusiaren esanetara.

Bigarren mendeurrenaren oroitzapena bandera igoeran

'Donostiako Martxa'ren ostean, bigarren mendeurrena gogoratzeko unea izango da. Konstituzio plazan bildutakoek eta emanaldia telebistan jarraituko dutenek une hunkigarria biziko dute, 1813ko abuztuaren 31n hiria erre zeneko unea irudikatuko baita taula gainean. Gaztelubideko kideek 'Donostiako Antzinako himnoa' joko dute, lau dantzariren koreografiaz lagunduta. Plaza ilunpean egongo da une horretan eta protagonistek kandelak eta bengalak eramango dituzte.

Azpeitiako danborrada

Gauerdia baino lehen, hainbat konexio egingo dituzte Azpeitiarekin, elkarteak herriko plazan nola sartzen diren ikusteko. Izaro Iraeta eta Miguel Zendoia aditua arituko dira bertan gertakarien kontakizuna egiten. Ikus-entzuleek oso-osorik ikusi ahal izango dute Azpeitiko festa 00:30etik aurrera, behin Donostiakoa bukatuta.

San Sebastian eguna

Igandean, Donostiako haur danborradan parte hartuko duten neska-mutikoak izango dira protagonista. Emanaldia 11:00etan hasiko da ETB-1en (11:40ean ETB-3ra pasako da) eta Imanol Artolak egingo du kontakizuna. Luisma Laboa kazetaria kalean egongo da haur eta gaztetxoekin hizketan eta Alderdi Ederretik abiatuko den ibilbidearen nondik norakoak zuzen-zuzenean azalduko dituzte.

San Sebastian jaiari amaiera bandera jaitsierarekin emango zaio, Union Artesanaren eskutik. Imanol Artolak eta Maite Eskarmendik gertatzen den guztiaren berri emango dute zuzen-zuzenean 22:45ean hasita.

Jaia eitb.com-en

San Sebastián jaien inguruko emanaldi guztiak zuzenean eskaintzeaz gain, danborradaren inguruko informazio guztia ikusgai izango da eitb.com-ek ekitaldiaren inguruan prestatu duen atari berezian.

Bideoak (1)