Saio berezia
'Fisika: partikulak eta energia' 'Teknopolis'en
A.E.
EITB
Jose Ignacio Latorre Bartzelonako Unibertsitateko irakasle eta CERN ikerketa zentroko ikertzailea elkarrizketatuko dute.
'Fisika: partikulak eta energia' 'Teknopolis'en
Fisika: partikulak eta energía saio berezia izango da aste honetan 'Teknopolis'en. Iazko uztailean ezagutu genuen berria: Genebako CERN zentroan Higgs Bossoia detektatzea lortu zuten. Fisikaren inguruko berri batek azken urteetan izan duen oihartzun handiena aurkikuntza horrek izan zuen. Hirurogeigarren hamarkadan zientzialariek paperean teoria moduan azaldu zutena, orain laborategian baieztatu dute. Mundu osoko zientzialariek urteetan bilatu dutena, alegia, azaldu egin da.
'Teknopolis'ek xehetasun gehiago ezagutu nahi izan ditu eta horregatik Fisika Teorikoan katedraduna den zientzialari batekin egin dugu hitzordua. Jose Ignacio Latorre Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea da eta CERN ikerketa zentroko ikertzailea.
Fisika utzi gabe, partikuletatik energiarako bidea egingo du saioak, eta fusio nuklearra izango dute hizpide. Energia iturri amaigabe eta garbi bat bilatu nahian, zientzialariek urteak daramatzate izarren barruan gertatzen diren erreakzioak lurrean sortu nahian. Fusioa etorkizuneko energia-iturria izango dela erakusteko, Frantzian ITER laborategia eraikitzen ari dira.
Fusio nuklearreko saioetan Tokamak motako erreaktoreak erabiltzen dira, eta erreakzio horietan gerta daitezkeen arazoak konpontzeko lanean ari da Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile talde bat. Goretti Sevillano ingeniari elektronikoarekin hitz egingo dute 'Teknopolis'en, eta 2100. urteari begira jarriko dute.
'Teknopolis' astelehenean 23:05ean izango da ikusgai ETB-1en eta asteazkenean ETB-2n 00:15ean.