Hitzarmena
Donostiaren azken 200 urtetako historia, dokumental batean
''Donostia-San Sebastian 1813-2013'' dokumentalaren egitea eta hedatzea posible izango da ETB-k eta Donostiako Udalak sinatutako hitzarmen baten ondorioz.
Donostiaren suntsiketaren eta berreraikuntzaren Bigarren Mendeurrena dela eta, hiriaren azken 200 urteotako gizarte aldaketen bilakaera aztertuko du ''DSS 1813-2013'' dokumental-film luzeak. Bere egitea eta difusioa posible izango da Donostiako Udalak eta Formattoo Mediak sinatu duten hitzarmenaren laguntzarekin eta ETB-k eta ekoizpen-etxeak sinatu duten kontratuari esker.
Hitzarmenaren eta kontratuaren sinatzearen ekitaldia Udaletxean izan da, eta hauek izan dira bertan: Donostiako alkatea, Juan Karlos Izagirre; Miren Azkarate, Bigarren Mendeurrenaren Batzorde Ez Iraunkorreko lehendakaria; eta Txuri Aranburu, Bigarren Mendeurrenaren Batzorde Teknikoko koordinatzailea; Alberto Surio, EITB-ko zuzendari nagusia; Joseba Ortega, Formattoo Media etxeko ekoizle exekutiboa; eta Beñat Ibarbia, Orio Produkzioak etxeko ekoizle exekutiboa.
2013an urteurren hau oroitzeko bi dokumental ekoiztuko dira, Bigarren Mendeurrenaren laguntzarekin. ''DSS 1813-2013'' hauetako bat da. Gure hiriaren eta donostiarren historia azaltzea du xede, begirada atsegin, dibulgatzaile, integratzaile, erreferentziala, egunerokotasuna duena, nostalgikoa eta komertziala-turistikoa-kulturalaren bidez. Hau da: garai batean nolakoak izan ginen eta, garai bateko herritarren jarrera irekiari eta ekintzaileri esker, -jarrera horri eusten diote oraindik-, egun garena izatera nola iritsi garen ulertaraztea. Oso interesgarria izango da egungo donostiarrentzat eta etorkizunekoentzat, baita 2016an Donostia Europako kultur hiriburua izateak erakarriko dituen bisitarientzat ere.
Honela, film luzea Bigarren Mendeurrenak dituen lau ardatzetan oinarrituta sortuko da: 1813ko gertakariak ezagutzea eta oroitzea; errautsetatik hiria berriro eraikitzea erabaki zuten donostiar haien indarra goraipatzea eta oroitzapena egitea; eta hiria elkarrekin eraikitzen jarraitzea.
Dokumentala 1813ko abuztuaren 31ko hiriaren erreketatik abiatuko da eta hiru alderdi bereziki kontuan izango ditu: hiriaren transformazioa, gizarte aldaketak eta bilakaera sozialak. Elkarrizketak, soinudun artxiboak, artxibo zinematografikoak eta fotografikoak izango ditu. Bi hizkuntzatan kaleratuko da: euskaraz eta gazteleraz. Generoaren eta aukera berdintasunaren ikuspuntuak ere bermatuko ditu. Donostia Zinemaldian aurkezteko eta zineman eta ETB-ko bi kanaletan, euskaraz eta gazteleraz, erakusteko asmoa dago.
Herritarren parte-hartzea
Bigarren Mendeurrenaren oroitzapena egitasmo kolektiboa da; herritar, eragile, elkarte eta erakundeek egindako proposamenetan oinarritua. Formattoo Media ekoizpen-etxeak egingo duen dokumentaleko protagonistak ere herritarrak izango dira. Hori lortzeko, komunikazio kanalak zabaldu ditu, herritarrek, hiriko elkarteek, enpresek edota erakundeek proiektuan parte har dezaten, mota guztietako dokumentazioa edo materialak utziz zein testigantzak emanez.
Donostiarrek, protagonistak ez ezik, parte-hartzaile direla ere sentitzeko aukera izango dute. Horretarako, ekoizpen-etxeak iradokizun postontzi bat zabaldu du, posta elektroniko honen bidez: 2013donostia@gmail.com. Helbide elektroniko honen bidez, interesatuta dauden pertsonek idatz dezakete eta eskura dituzten materialei buruzko hasierako deskribapen bat bidali. Gainera, otsailaren 7an, 17:00etatik 20:00etara San Telmo Museoan, herritarrek ekoizpen-etxeekin bildu ahal izango dute.