4. atalaren laburpena
Michel kanporatu dute eta Manuk dirua berea zela aitortu du
Michel, Euskadiko uruguaitarrik famatuena, kanporatu dute "El Conquistador del Fin del Mundo" saioaren 4. atalean, eta Manu Maritxalarrek dirua berea zela aitortu du.
Michel etxera joan da, Manu Maritxalarren laguntzarekin egin duen duelua galdu ostean. Etorri zen bezala joan da, gainera: negarrez. Uruguaitarrak susmo txarra hartu dio Manuren jarrerari. Michelen ustez, kapitainak ez du bere esku zegoen guztia egin, berari duelua irabazten laguntzeko. Baina Manuk arrazoi sendoak zituen ez galtzeko; izan ere, Devi kanporatuta eta bigarren taldekidea galdu ostean, abenturatik alde egingo duen lehen kapitaina izateko arrisku handian dago boxeolari ohi gipuzkoarra.
"El Conquistador del Fin del Mundo" saioko 4. atala tragikomikoa izan da. Tragikoa, Piches taldeko bikotearen ezintasunagatik eta taldean lan egiteko balio ez dutela erakutsi dutelako. Baina komikoa ere izan da Manu eta Michel bikotea behin eta berriz uretara erortzen ikustea. Gainera, argi geratu da gaizki moldatzen direla. Egia esan, Michelen kanporaketaren ostean Piches taldean lasaitu ederra hartu dute. Baina orain suspertu egin beharko dira, Patagoniako desertuaren handitasunean desagertu nahi ez badute.
Conejok ustekabeko ederra hartu du Piches taldearen bileran. Manuren izendapena ezusteko handia izan da bilbotarrarentzat. Kirol-monitorearen indartsu-etiketa honen kalterako izan da, Jauregik Michel aukeratzeko jarri baitu Manuk kolokan.
Manu Maritxalar, diruaren jabea
Azkenik, "Picheen Azpijokoa" amaitu egin da: hainbat alditan ukatu duen arren, Argentinako 120 pesoak bereak zirela aitortu du Manu Maritxalarrek. Piches taldearen kapitainak turko-buru bezala erabili du Michel, eta gainerako taldekideak uruguaitarra errudun bezala jartzen zuen azpijokoaren gaizkide bezala erabili ditu. Baina azkenean egia jakin da, eta badakigu nor den nor tranpa, eroskeria eta gezur kontu ilun honetan.
Piches taldearen bileran, Juanitok oraindik ez duela oso argi immunitatea zertarako ematen den ohartu gara. Bazirudien Josetxori emango ziola, baina azkenean Mari Carmen aukeratu du, kontraesanez betetako hitzaldi baten ostean. "El Conquistador del Fin del Mundo" saioko 4. ataleko unerik dibertigarrienetakoa izan da.
Blancaren Pumak onik atera dira batailatik; Jauregik erraz irabazi du duelua. Lasai ibili da arraunean, eta ez da larritu garaipena eman dioten hiru oiloak harrapatzerakoan. Baina gorrien taldeko ertzain azkoitiarra jomugan dago orain, eta oso litekeena da hemendik aurrera dueluetan maiz ikustea, Pumen taldeak kapitainen jokoak eta immunitate probak irabazten ez baditu behintzat.
Asteazkenean "El Conquis 2013" eztabaida-saioan izango dugu Michel. Sukaldari uruguaitarrak ez du ezer isilduko eta kalera bota duen ustelkeria kasuaren sekretu guztiak kontatuko dizkigu, seguru.