Itxi

EITBko kultur leihoa

Judas Arrietarekin, aste honetako 'EITB Kultura' saioan

A.A.

EITB

Irungo sortzailearen gune berria ezagutuko dute.

Judas Arrietarekin, aste honetako 'EITB Kultura' saioan

Judas Arrietarekin egindako elkarrizketa izango dute abiapuntu aste honetako 'EITB Kultura' saioan. Irungo artistak gune berria ireki du, lanerako ez ezik, bere sormenaren erakusleiho ere izan nahi duena. Halaber, ikuskizunari ere tartea egin nahi dio. Bestalde, azken bi urteetako lanak ikusgai ditu egunotan Bilboko Windsor Galerian, 'Zirriborroak-garrabatos' izenburuko erakusketan.

Ikus-entzunezkoen alorrera egingo dute salto ondoren, Joseangel Arbelaitzek zuzendu duen Leku hutsak, hitz beteak-Lugares vacíos, palabras llenas dokumentala ezagutze aldera. Bernardo Atxagaren idazlanak aztergai dituen filma Donostiako San Telmo Museoan emango da, 'Badu, bada' erakusketaren harira antolatutako ekintzen barruan.

Munduari Itzulia... Gorakada Teatroren ikuskizun berriaren ingurukoak ere bilduko dituzte, Alex Diaz eta Jose Carlos Garcia zuzendarien eskutik. Julio Verneren La vuelta al mundo en 80 días liburuaren egokitzapena da, musikal modura landu dutena.

Amaitzeko, Rafa Berrio eta Mursego musikarien Phantasma egitasmoari zabalduko dizkiote ateak. Victor Iriarte, Harkaitz Cano eta Rafa Berrioren testuak entzun daitezke bertan.

'EITB Kultura' astelehen gauetan dago ikusgai ETB-1en eta ETB-2n, eta ostiraletan ETB-3n.