Audientzia oharra
Audientziak ondo erantzun dio ETBk denboraleari egindako jarraipenari
A.H.
EITB
ETB taldeak %16,8ko audientzia zatia izan zuen eta 'Teleberri' eguneko saiorik ikusiena izan zen.
Euskal ikus-entzuleek erantzun ona eman zioten ETBko programa ezberdinek elur eta euri denboralearen gainean egindako jarraipen informatiboari. 'Teleberri' albistegia eguneko saiorik ikusiena izan zen. Baina ez hori bakarrik, 'Ni Más Ni Menos' eta 'Euskadi Directo' saioek ere audientziaren harrera ona izan zuten.
Euskadik izandako euri eta elur denborale gogorraren aurrean, Euskal Telebistak aurreikusitako programazioa aldatu zuen eta albistegi aurrerapenak eskaini zituen ETB-1en eta ETB-2n. Horrez gain, 'Egun On Euskadi', 'Ni Más Ni Menos' eta 'Euskadi Directo' saioen iraupena luzatu zen, egun osoan zehar denboralearen inguruko informazio zabala eskaintzeko.
Aipagarria da, gainera, ETB taldeak asteartean lortutako %16,8ko audientzia. Izan ere, taldearen bi kate garrantzitsuenek euren bataz bestekoaren gaineko datuak lortu zituzten: ETB-2k %13,3 eta ETB-1ek %2,3.
'Teleberri', eguneko saiorik ikusiena
Gaueko 'Teleberri' eguneko saiorik ikusiena izan zen, %24,2ko audientzia zatiarekin. Andrea Arrizabalagak eta Asier Odriozolak aurkeztutako albistegiak 225.000 ikus-entzule izan zituen bataz beste Euskadin eta eragin eremuan, eta 280.000 lagunek egin zuten bat saioarekin emanaldian zehar.
Astearteko datuek agerian utzi dute 'Teleberri'ren nagusitasuna. Orain arteko datuen arabera, gainerako albistegien gainetik kokatu da, %17,9ko audientzia zatiarekin eta bataz besteko 141.000 ikus-entzulerekin.
'Ni Más Ni Menos' eta 'Euskadi Directo'
'Ni Más Ni Menos' eta 'Euskadi Directo' gaurkotasunari oso lotuta dauden saioak dira, eta denboralearen gaineko jarraipen zehatza egin zuten, audientziaren erantzun zabala lortuz.
Klaudio Landak aurkeztutako magazinak %15,2ko audientzia izan zuen eta 398.000 ikus-entzuleko audientzia metatua, Euskadin eta eragin eremuan.
Reyes Pradosek gidatzen duen 'Euskadi Directo'k ahalegin berezia egin zuen bi emanaldi eskaintzeko, goizean bata eta arratsaldean, ohi denez, bestea. Goizekoak %10,4ko audientzia eta 161.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan zituen. Arratsaldekoak, iraupen luzeagoarekin, %15,8ko audientzia lortu zuen. Halaber, 320.000 ikus-entzulek egin zuten bat emanaldiarekin.