Itxi

600 saio

'Robin Food'ek 600 saio beteko ditu gaur

A.E.

EITB

gaur, 14:30ean, saio berezia egingo du sukaldari ezagunak ETB-2n.

David de Jorge

'Robin Food'ek 600 saio beteko ditu gaur. Hori dela eta, 14:30ean, ETB-2n, saio berezia eskainiko du gure sukaldari handiak.

Ez da marka makala gaur egungo telebistan. Funtsa, hasiera-hasieratik, honako hau: konplexurik gabeko sukaldaritza eta umore ona. Hori ospatzeko SEAT 600 markako auto karabana bat egin zuten David de Jorge buru dela. Bilbo zeharkatu eta ondoren, Arriaga plazan aparkatu dute. Eguerdian atera zen autoen karabana hori EITBko egoitzatik. Ondoren, Bihotz Sakratuaren plaza, Gran Via, Moyua enparantza, Plaza Biribila eta Udaletxea zeharkatu zituzten, eta Areatzan aparkatu zuten. Bertan, hurbildu zen jendearen eta 600 Autoaren Adiskideen artean, Urrestarazuk egindako tarta eta galletak banatu ditu sukaldariak.

Lau denboraldi hauetan, David de Jorgek 1.100 errezeta aurkeztu ditu. Gisa guztietako errezetak, batzuk berak bakarrik azaldu ditu eta beste batzuetan bere lankide hurbilenen laguntzaz. Atal finko arrakastatsuenak indartu ditu saioak: Martin Berasateguirekin Alíñame el día tartean, etxeko sukalde onenak prestatu ditu; Bailando con lobos tartean, berriz, eltze artean eta entretenimenduaren arloan dabiltzan lankiderik onenak izan ditu. Ostiraleko tarteak, Alka Seltzer dosi bikoitza eskatzen du, ikus-entzuleek bidaltzen dituzten Guarrindongada deritzonak eurek kontatu bezala egiteko.

Sukaldaritzaren esparruko eta entretenimenduaren arloko gonbidatu bikainak izan dituzte 600 atal hauetan. Sukaldari maisuen artean, Hilario Arbelaitz, Joan Roca, Pedro Subijana, Quique Dacosta, Paco Torreblanca, Eneko Atxa, Ricardo Sanz eta Alberto Chicote, besteak beste. Kultura eta ikuskizunaren munduarekin zerikusia dutenak, berriz, Barbara Goenaga, Oscar Terol, Juan Echanove, Sergio Fernández, Paco Torreblanca, Iban Yarza, Nacho Vigalondo eta Leo Harlem. Horietako askok behin baino gehiagotan bisitatu du 'Robin Food'en txokoa.

Denbora horretan guztian, David de Jorgek soinean hamaika mozorro eta jantzi bitxi jarri ditu. Magrebtarrez eta errusiarrez jantzi izan da, esate baterako, eta imitatzailerik onenak izan ditu alboan. Horrez gain, Karlos Ibarrondo bizkaitarrarekin burruntzian jakiak erretzen aritu da bere sukaldearen kanpo aldean.

Denboraldi honetako nobedadeen artean, Bigote de gamba atalak lortutako arrakasta nabarmentzekoa da. Astero, Hondarribiko sukaldaria ikus-entzuleen aurrean pisatu da, "Baztango txekorra bailitzan", pisua galtzeko bere buruari jarritako erronka nola doan erakusteko.

Aste gutxi barru, 600 saio horiek grabatu diren txoko hori sukalde dotore eta distiratsuak ordezkatuko du. Leku zabalagoa eta dotoreagoa izango da, orain ere Martin Berasateguiren sukaldariaren jatetxean.