9. atala
Mr. Hyde ezagutu dugu, eta Pepe eta Oiane joan egin dira
I.A.
"El Conquistador del Fin del Mundo" saioaren 9. atalean Guanacos taldekoek Korta Mr. Hyde ezagutu zuten. Oianek abentura utzi zuen, min hartuta, eta Gokuk Pepe kaleratu zuen dueluan.
Zalantzarik gabe, hau ez da Guanacos taldekoek espero zuten benetako Korta. Mr. Hydek taldea suntsitzeko ahalmena du, eta beste Korta itzultzea nahi dute berdeek, "El Conquistador del Fin del Mundo" saioko abenturan Euskal Herria maitemindu duena, hain zuzen ere.
Berriz ere, idien probak Korta leherrarazi zuen. Alexek animaliekin esperientziarik ez duenez, Kortak pazientzia galdu zuen, eta taldeak aurre eman zion kapitainari, batez ere Chris makila batez xaxatu zuenean. Alemaniarra haserretu egin zen eta liskarra izan zuen Kortarekin. Amaieraren hasiera zen; bertan bukatu ziren kanpamentu aberatsean bizitako garai onak. Baina ekaitza hasi besterik ez zen egin.
Guanacos taldekoek ez bezala, Diana buru zuen Pumas taldeak eta Iñaki buru zuen Cóndores taldeak erakutsi zuten lasaitasunez eta taldean lan eginda, porrota ere hobe hartzen dela. "Happy Blanca"k eta Pumas taldeak munduko uharte txiroenean amaitu zuten eta Juanitok eta bere taldekoek festa ahaztezina egin zuten, izan ere Cóndores taldeak idien proba irabazi zuen.
Guanacos taldearen kanpamentuan gauzak gero eta okerrago zihoazen. Oianek, ezustean, agur esan zion abenturari, izterrondoko etenak min egiten baitzion.
Taldea krisi egoeran zegoela, suari gasolina gehiago bota zion Kortak, eta Gokuri aurre egin zion, suaren kokalekua egokia iruditzen ez zitzaiolako. Gainera, berriz ere Chrisekin liskarra izan zuen, alemaniarrak besteek baino morokil koilarakada bat gehiago jan omen zuelako.
Guanacos taldearen eguneko poztasun bakarra Gokuren eskutik iritsi zen, dueluan Pepe gainditu baitzuen.
"El Conquistour" saioan izandako harrapaketaren ostean, Lizarrakoa berriz ere behien aurrean zegoen, baina Alegiakoa ez zuen pareko lehiakide izan. Kontraesankorra dirudien arren, esan daiteke Pepe eta Pumas taldeko kideak izan zirela nafarraren garaipenaz gehien poztu zirenak. Gokuk Pepe kanporatu zuen dueluan.
Hala ere, oraindik ere ekaitza Guanacos taldearen kanpamentuan dago; izan ere, bai Kortak zein Chrisek ere abentura utziko dutela esan dute.