Itxi

12. atala

Conejo labirintoan galdu zen eta etxera joan da

Dianaren kontrako duelua galduta, etxera joan zen Conejo bilbotarra. Immunitate jokoa Oskarrek eta Cóndor taldeak irabazi zuten. Talde urdina geldiezin dabil.

"El Conquistador del Fin del Mundo" saioaren bederatzigarren edizioan duelu bidez kanporatu duten Guanaco taldeko lehen emakumea izan da Conejo. 12. atalera arte Olgak eta Oianek besterik ez zuten abentura utzi, baina biak joan ziren min hartuta. Duelua zirraragarria eta oso parekatua izan zen. Blanca kapitainak gidaritza arazoak izan bazituen ere, ibilbidea bere lehiakideak baino lehenago bukatzea lortu zuen Dianak. Conejok denbora asko galdu zuen enborraren azpian zuloa egiten, eta lastozko labirintoaren azken oztopoan harrapatuta gelditu zen. Diana oso gaizki hasi zen, baina Conejok egindako zuloa erabili zuen eta azken txanpan oso azkar ibili zen, garaipena lortuz.

Orain, Gokuren Guanaco taldean lau besterik ez dira. Piches taldea deuseztatu egin zuten taldekide kopuru hori izan zuenean. Hurrengo atalean ikusiko dugu zer gertatzen den talde berdearekin. A ze nolako aurpegia jarriko duen Gokuk Julianek Guanaco taldea desagertu egingo dela esaten dionean!

Berdeen kapitaina, hain zuzen, abenturako protagonista nagusi bilakatzen ari da. Duelura joateko zituen gogoak eta lehiakide indartsuenak kaleratzeko zuen grina joan egin zaizkiola dirudi. Taktika bat al da talde guztien batasuna iritsi arte arriskuan ez egoteko ala benetan taldearen burua izan nahi du immunitate jokoak irabazten saiatzeko? Puma eta Cóndor taldekoek uste dute ez dela bidezkoa Goku dueluetara joan ezin izatea.

Egia esan, immunitate jokoan ahalegin handiak egin zituen Gokuk proba irabazteko, baina ez zuen lortu. Zaldien aukeraketa erabakigarria izan zen Cóndor taldearen garaipenerako. Oskarren abilezia eta ausardia ere erabakigarriak izan ziren laugarren txandan irabazteko. Gainerako lehiakideek ere lan azpimarragarria egin zuten, Conejo, Ixa eta Karen barne. Gorriek ez dute jokorik irabazten. Zorte txarra dute Puma taldekoek, eta ez dute janaririk. Gainera, jokorik irabazten ez badute ez dute janaririk izango, eta oso ahulduta daude, batez ere Jauregi.

Puma taldearen bilera berezia izan zen. Diana, Armada eta Arantza "sagar galduak" direla esan zuen Blancak. Dianari egin zion kalte handiena horrek. Arantza duelura joateaz libratu zen, azkenean Blancak Armada aukeratu baitzuen Dianarekin batera duelura joateko, irabazteko apustua eginez.

Juanito eta Cóndor taldea, aldiz, pozik ari da kanpamentu aberatsean, eta gainera janaria irabazi zuten. Min hartuta bazegoen ere, Conejo izendatu zuten urdinek. Eta jokaldia ongi atera zitzaien: badirudi Guanacos taldearenak egin duela. Joan den urtean pizgarria izan zen Korta joatea bere taldearentzat, baina badirudi aurten kontrakoa gertatu dela.

Informazio gehiago (1)