Itxi

Umorezko eskaintza

'Ya queda Menos' eta 'Irrikitown' umorezko saioen aurkezpena

'Ya Queda Menos' saioa gaur estreinatuko da ETB-2n. Oscar Terolek eta Sara Gandarak aurkeztuko dute asteko aktualitatearen umorezko errepasoa. 'Irrikitown', aldiz, maiatzaren 5ean hasiko da.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Umorezko bi programa berri aurkeztu zituen Euskal Telebistak asteazkenean, Donostiako Miramongo produkzio gunean: 'Ya Queda Menos' eta 'Irrikitown'. Lehena ETB-2n emango da eta bigarrena, berriz, ETB-1en.

Umorezko entretenimendua sendotzera datoz bi saioak. Aktualitatea eta umorea uztartuz, aurretik arrakastaz egindako bidea sendotuko duten bi aukera berriak dira. Euskarazko eta gaztelaniazko kateetan ordutegi nagusian emango direnak.

Umorearen gaia lantzeko ETBko aurpegi aski ezagun eta trebatuak izan ditu gogoan kateak. Kate batean zein bestean ikusiko ditugun aktoreak izango dira. "Harrobiaz gainera, estilo eta potentzial handia dugu landutako bide horretan. Marka propioa lortu dugu eta ibilbide luzea dugu egiteko", adierazi du Pello Sarasola ETBko zuzendariak prentsaurrekoan.

'Ya Queda Menos' ostegunean hasiko da

'Ya Queda Menos' saioa gaur estreinatuko dute ETB-2n, 22:15ean. Asteko aktualitatea umorez errepasatuko dute 45 minutan. Euskaldunontzat garrantzitsuak diren berriak izango dituzte hizpide batez ere. Orio ekoiztetxeak eta ETBk ekoiztutako lana Oscar Terolek eta Sara Gandarak aurkeztuko dute. Sara Gandarak asteburuan 'Eguraldia' aurkezten du ETBn.

Platoko aurkezpenekin batera, umore esketxak eta pertsonaiak hezurmamituko ditu aurretik 'Vaya Semanita' eta 'Al Rescate'n ikusi dugun aktore talde ezagunak: Asier Hormaza, Miriam Cabeza, Iker Galarza, Humberto Gutierrez, Santi Ugalde eta Maribel Salas. Umorea egun-eguneko berri gordinei aurre egiteko antidotoa dela gogoratuko digute. Guzti horiekin batera, Iñigo Agirrek kazetari-zirikatzaile edo akuilari lana egingo du. Kaleko ahotsa eta politikoena jasoko du.

Euskal azentua duen umore kritiko, satiriko eta apurtzaileak beteko du ostegunetan telebista pantaila. Agintari politiko hurbilenak izango dituzte ikusmiran.  Euskal gizartean pil-pilean dauden gai hika-mikatsuei erreparatuko diete: Bilduk bultzatutako Atez Atekoa, aurrekontuak edo bakearen gaia, esate baterako. "Urkullu lehendakariak bilatzen duen bufoiarena egingo dugu", dio Oscar Terol zuzendariak.

Nazioartean eta estatuan albiste diren gaiak ere jorratuko dituzte. Atal eta sail ezberdinetan arituko dira gai horien inguruan: deabruaren abokatuari eskainitako atalean, adibidez. Abokatu batek gizartearen epaiketa galdu duten pertsonaien defentsa egingo du. Lehen saioan, Urdangarin epaituko dute.

Horrez gain, ikerketa-erreportajeak, politikoen imitazioak eta beste atal askok osatuko dute saioa. Astearen beldurrak tartea izango dute, esaterako. Bertan, informazio kontsumitzaileak garen unetik ditugun beldurren zerrenda osatuko dute.  "Politikoki zuzenaren marra zapalduz eta jefeak ohera joaten direnean hura gaindituz, arituko gara", dio Terolek. "Kroniko bihurtzeko arriskua duen zenbaki gorridun aktualitate grisaren umorezko biñeta izango da 'Ya Queda Menos' saioa", erantsi du.

Maiatzaren 5etik aurrera, 'Irrikitown'

'Irrikitown' saioa Pausokak eta ETBk ekoiztuko dute eta maiatzaren 5ean hasiko da ETB-1en, 21:30ean. Umorezko esketxak bata bestearen atzetik joango dira, denetarikoak izango dira, hainbat estilo eta tonu jorratuz. 40 minutuko saioa izango da bakoitza.

Kasu honetan, Javier Garcia de Vikuña da zuzendaria. Aktore taldeak du pisu guztia. Hartara, ETB-2ko saioan ikusiko ditugun Asier Hormaza, Iker Galarza eta Miriam Cabezasekin batera, Andoni Agirregomezkortak eta Itziar Atienzak hartuko dute parte. Azken bi hauek erregistro desberdinetan eta arazorik gabe aritzen dira. Aktore zein aurkezle lanetan egoki mugitzen diren eskarmentu handiko profesionalak dira.

Eguneroko bizitzako gertakizunak dira 'Irrikitown' saioko umorearen funtsa. Euskaldunon ohitura on eta txarrei, errealitate eta berezitasunei, aterako diete punta; ironia eta umore apurtzailea erabiliz orain ere. Pertsonaia deigarri eta sail laburrak ere sortuko ditu euskarazko saio berriak.

 

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)