Itxi

Gaur

Jaunarena-Zabaleta, zuzenean, ETB1en eta eitb.com-en

A.A.

EiTB

Horrez gain, Laboral Kutxa-Asefa Estudiantes saskibaloi partida, Italiako Giroko 9. etapa eta Alaves-Tudelano futbol neurketa.

Pilota Aspe

Euskal Telebistak kirol eskaintza bete-betea dakar gaur. 12:15ean ekingo diote, Endesa Ligako Laboral Kutxa-Asefa Estudiantes saskibaloi partidarekin. Asier Arangurenek gidatuko du emanaldia ETB1en eta eitb.com-en. Josean Aldalur izango du lagun komentarioetan eta Juan de la Vega elkarrizketak egiten.

15:00etan Italiako Giroko 9. etaparekin egingo dute bat. Sansepolcron hasi eta Florentzian amaituko den jardunaldiaren ingurukoak Fermin Aramendik eta Xabier Usabiagak ekarriko dizkigute ETB1 eta eitb.com bidez.

Txirrindularitza amaitzean, 17:15ean, Eibarko Astelena pilotalekuarekin egingo dute bat ETB1ek eta eitb.com-ek. Eskuz binakako Apezetxea-Peñagarikano / Ezkurdia-Larrinaga partidarekin hasiko da jaialdia. Ondoren, Buruz Buruko Txapelketako norgehiagoka izango da jokoan: Jaunarena-Zabaleta. Xabier Euzkitze, Joxan Tolosa eta Elena Azpeitia izango dira berriemaile.

Amaitzeko, 18:00etan Bigarren B Mailako futbol emanaldia osatuko dute ETBKn eta eitb.com-en. Alaves-Tudelano partida izango da ikusgai, Xabier Andueza, Juanan Larrañaga eta Joseba Urkiolaren eskutik.

Ohi denez, 19:30etik aurrera futbol jardunaldian gertatutako guztia aztertuko dute 'Gol Festa' saioan Mikel Olazabalek eta ETBko kirol kazetariek.