Igandean
Bengoetxea VI-Irujo, zuzenean, ETB1en eta eitb.com-en
A.A.
EiTB
Goizean, aizkolarien banakako Eusko Label Sariko finala emango da, baina ere zuzenean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Buruz Buruko Txapelketaren barruan Oinatz Bengoetxeak eta Juan Martinez de Irujok jokatuko duten finalerdia zuzenean eskainiko dute ETB1ek eta eitb.com-ek igandean. Pilota jaialdia 17:00etan hasiko da Xala-Cecilio / Jaunarena-Zabaleta partidarekin eta partida nagusiaren ostean Apezetxea-Arruti / Olazabal-Larrinaga neurketa jokatuko da. Xabier Euzkitze, Joxan Tolosa eta Elena Azpeitia izango dira berriemaile Donostiako Atano III.a pilotalekutik.
Eguerdian zuzeneko beste kirol emanaldi bat osatuko dute ETB1ek eta eitb.com-ek: aizkolarien banakako Eusko Label Sariko finala. Koldo Aldalurrek egingo du kontakizuna, Joxe Etxebeste aditua lagun duela, Azpeitiatik.
Bestalde, ETBKn, 21:00etan, traineru estropadei egingo diete tartea: Mutrikuko Ikurriñaren laburpena egingo du Juanan Legorburuk.
'San Mames. 100 Urte'
Igandean, 21:00etan ETB1en eta eitb.com-en eta 23:30ean ETBKn, 'San Mames. 100 Urte' dokumentala izango da ikusgai. ETBko kirol erredakzioak egin duen saio berezi honek desagertzear dagoen Bilboko futbol zelaiaren historia errepasatuko du.
San Mamesek, Futbolaren Katedralak, estadio berri bati lekua utziko dio egun batzuk barru, mendeurrena beteko duen urtean bertan. 1913ko abuztuaren 21ean, Athletic eta Irungo Racing taldeen arteko partiduarekin, inauguratu zen San Mames. Rafael Moreno Pichichi-k sartu zuen lehen gola. San Mamesen Pichichiren omenez jarritako estatua partidu gogoangarri handi askoren lekuko izan da.
'San Mames. 100 Años' dokumentalak denboran atzera egingo du eta gure oroimenean betiko egongo diren partidu horiek gogoratuko ditu.
Neurketa historiko horietako protagonistek, Rafa Iriondo, Jose Luis Bilbao, Carmelo Cedrun, Ignacio Uribe, Jose Angel Iribar, Jabo Irureta, Javi Clemente, Julen Guerrero eta taldeko gaur egungo presidenteak, Josu Urrutiak, zelaiaren inguruko oroimenak, istorioak eta anekdotak kontatuko dituzte. Betiko gordetzen den dokumental horietakoa izango da hau.
San Mames guztien bizitzaren zati bat baita. Ez bakarrik Athleticeko jarraitzaileena, baita beste taldeetako jarraitzaileena edo futbola gustatu ez zaienena ere.
San Mames nortasun berezia izan duen zelaia da. Bertan bizi izandako giroa izugarriarengatik eta harmaila nagusiko estalkia eusteko duen arkuarengatik mundu osoan ezaguna.
'San Mames. 100 Años' dokumentala Koldo Urriz kazetariak zuzendu du. Agustin Benito eta Jorge Cerrato izango ditu lagun erredakzioan, Agate Borda errealizazioan, Ibon Diez produkzioan, Iñigo Egido audioan eta Pedro Garcia Larragan ahotsa jarriz.