Gaur
Bost lehiakide arituko dira Iguazun jokatuko duten finalean
'El Conquistador del Fin del Mundo' saioan izan den finalik gogorrena gaur ikusiko dugu ETB2n.
Bost finalista izango ditu oraingoan 'El Conquistador del Fin del Mundo' saioak. Iñaki, Oskar, Karen, Joxe eta Diana lehian aritu dira lehiaketan sekula izan den finalik gogorrenean. Aurten ere, munduko zazpi mirari naturaletako batean izango da azken proba, Iguazu urjauzian, hain zuzen ere. Proba konbinatua izango da, eta ur-zirkuituak, nabigazioa eta sokak izango ditu ardatz. Ameriketako leku ezagunenetako batean telebista batek horrelako desafio bat egingo duen lehen aldia izango da.
Ondorengoak izango dira finalean ikusiko ditugun bost lehiakideak.
Iñaki (Barakaldo, 28 urte). Lehena izan zen finalerako txartela eskuratzen. Argala eta malgua du, eta zentzuduna da.
Oskar (Zubielki, 28 urte). Finalerako sailkatu zen bigarren pertsona izan zen. Anbizio handikoa da, eta nafarren izakerari jarraiki, oso burugogorra. Ez du sekula amore ematen.
Karen (Orio, 27 urte). Azken sailkapen-proba irabazi zuen. Isila eta lotsatia da, baita abila ere.
Joxe (Lasarte, 51 urte). Taldeko beteranoa da. Bihotz handikoa da, eta edozein ingurutan bizirauteko gai da. Beteranoa izatea alde du erronkei aurre egiterako orduan.
Diana (Donostia, 24 urte). Borrokatzaile hutsa da. Gehien sufritu duen taldean aritu da borrokan, sei duelu gainditu ditu, eta Misioen oihanaren gogortasunetik osatu da.
Bost horiek izango dira igandeko finaleko protagonistak. Euskal Telebistak Donostian duen egoitzan bilduko dira saioan parte hartu duten 28 lehiakideak eta 4 kapitainak, Julian Iantziren gidaritzapean. Zuzeneko saioa izango da, eta, bertan, azken proba zirraragarria ikusteaz gain, 'El Conquistador del fin del Mundo'n izandako unerik onenak errepasatuko ditugu, baita polemikoenak ere, tartean, Manu Maritxalar eta Piches taldea, Kortak alde egin izana, Blancaren hanka-sartzeak eta Juanitoren amarruak eta azpijokoak ere.
Gainera, publikoaren gogokoenaren sarirako lehian zein 3 partaide dauden ere jakingo dugu (irabazlea nor den datorren asteazkenean jakingo dugu, "El Conquis 2013" eztabaida-saioan).
Eta igandeko saioan, Iguazu urjauzietan ikurrina astinduko duen eta 20.000 euroko saria eskuratuko duen lehiakidea nor den jakin aurretik, El Mentón de Fogarty taldea zuzenean arituko da, saiorako osatu duten abestia jotzen.
"El Conquistador del Fin del Mundo" saioa Hostoil ekoiztetxeak egiten du Euskal Telebistarentzat, eta igandero izaten da ikusgai, gaueko "Eguraldia" tartearen ondoren, ETB2n.