Kargatzen...
Itxi

Audientzia oharra

441.000 jarraitzaile 'El Conquistador'en finalarentzat

A.E.

EiTB

ETB2ko saioa igandero ordutegi nagusian audientzian lider izan da, ia %20ko audientzia eskuratuz.

Oskar Sanz Iriberri lehiakide nafarrak irabazi du 'El Conquistador del Fin del Mundo' lehiaketaren bederatzigarren edizioa. Finaleko saioak, bataz beste, %19,6ko audientzia eskuratu zuen, 189.000 ikus-entzule eta 441.000 ikus-entzuleko audientzia metatua, EAEn eta eragin esparruan. Beste behin, igandero ordutegi nagusian audientzian lider izan da saioa: %19,4ko audientzia zatia eta 179.000 ikus-entzule lortu ditu, bataz beste.

Interneten arrakasta

Finalak sarean ere oihartzun handia izan du: eitb.com-en saioaren web bereziak 60.000 orrialde ikusi izan ditu. Finalaren inguruko edukiek arrakasta handia izan du webgune horretan: lehiakideak Miramonera iritsi zireneko argazkiak, finalaren zuzeneko emanaldia, minutuz minutuko kontakizuna eta unerik garrantzitsuenak.

Sare sozialean, finalaren eztabaida gaueko gaia izan zen. Twitterren #ConquisFinal trahola trending topic bilakatu zen, 17.660 txio bilduz. Facebookeko orrialde ofizialetik berri eta eduki bereziak 40.000 lagunek ikusi zituzten, eta 'atsegin dut' eta elkarbanatutako estekak 700dik gora izan ziren.

Finalik gogorrena

Oscar Sanz Zubielkiko baserritarrak sekulako indar fisikoa daukala erakutsi zuen finaleko proban. Lehendabiziko postuan jarri zen hasieratik edizio honetako azken proban, orain arte inoiz antolatu duten norgehiagokarik zailenean.

Bederatzigarren edizioko finala orain arteko guztietan zailena eta gogorrena izan da. Proba egiteko aukeratutako lekua iazkoa: Iguazuko ur-jauziak, munduko lekurik ederrenetako bat; pribilegio bat, bost finalistentzat.

Baina probak berak esfortzu handia egitea eskatu die. Lehendabizi igerian hainbat metro egin behar izan dituzte kayak batzuetara iritsi arte. Puntu honetan Joxe finaletik kanpora gelditu da; izan ere, azkena izan da kayaketara iristen eta lau bakarrik zeuden bost finalistentzat.

Finalak Conquiseko bederatzigarren edizio honetan parte hartu duten guztiak elkartzeko eta hilabete hauetan guztietan ikusitako hainbat pasarte gogoratzeko ere balio izan du. Piches taldean egindako azpikeriak, lehiaketa utzi behar izan zuten lagunak, Blancaren nahasteak, janari pila batekin harrapatu zituztenekoa, edota Kortaren eta Juanitoren arteko harreman berezia. Horrez gainera, hurrengo edizioko casting-ak non eta noiz egingo diren ere jakinarazi du Julianek.

Diana, Karen eta Alex, ikus-entzuleen gogokoena izateko lehian

Baina sari bat banatu gabe gelditu da: ikus-entzuleen gogokoenaren saria. Finala hasterako 10 lehiakide gelditzen ziren bertan. Finalean SMS bidezko botazioa jarri da martxan eta amaitu denean hiru lehiakide bakarrik gelditzen dira. Hurrengo asteazkenera arte eman ahal izango da botoa 25000 zenbakian, CFM eta lehiakidearen izena jarrita. Patxi Alonsok gidatzen duen saioan jakingo dugu nork eramango duen sari hori: Dianak, Karenek edota Alexek.

'El Conquistador'en 10. ediziorako casting-ak uztailean izango dira

'El Conquistador del Fin del Mundo' lehiaketaren 10. edizioko casting-ak uztailaren 1 eta 8 artean egingo dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan. ETB2ko realityko lantaldea lehiakide ausart eta abenturazaleen bila hasiko da hiriz hiri. Baina internet bidezko casting-ean parte hartzeko aukera ere zabalik dago.

Grabazioa egingo den egunetan (2013ko urrian edo azaroan) adinez nagusiak izango diren neska eta mutil guztiek dute lehiaketa honetan parte hartzeko aukera. Izpiritu abenturazalea izatea eta kirola eta bidaiatzea gustatzea eskatuko zaie. Casting-etan parte hartzeko Iruñan, Donostian, Bilbon edota Gasteizen jarritako hitzorduetara joatea nahikoa da, ez da inon izenik eman behar edo ordurik eskatu behar, ezta aurreaukeraketarik egin behar ere. Hala ere, edozein zalantza izanez gero, saioaren helbide elektronikora idatzi daiteke.

Casting-en orduak eta lekuak honako hauek dira:

- Uztailak 1: Iruñako NH Iruña Park hotelean (Arcadio Maria Larrona, 1) goizeko 9etatik arratsaldeko 19:30era.

- Uztailak 2 eta 3: Donostiako EiTBren egoitzan (Miramon pasealekua, 172), ordutegi berean.

- Uztailak 4 eta 5: Bilboko EiTBren egoitzan (Basurtuko kaputxinoak, 2) goizeko 9etatik arratsaldeko 19:30era.

- Uztailak 8: Gasteizko NH Canciller Ayala hotelean (Ramon y Cajal, 5) aurreko egunetako ordutegi berean.