Gaur, 22:30ean
Finalistak eta ikusleen lehiakide gogokoena, 'El Conquis 2013' saioan
Finalistak Patxi Alonsok aurkezten duen eztabaida-saioan izango dira. Ikusleen lehiakide gogokoena nor den jakingo dugu.
Oskar Zubielkiko abeltzainak "El Conquistador del Fin del Mundo" saioaren IX. edizioa irabazi zuen joan den igandean, Iguazuko ur-jauzietan egindako finalean. Asteazkenean Patxi Alonsoren ohorezko gonbidatua izango da "El Conquis 2013" eztabaida-saio berezian. Telerrealitate programaren bederatzigarren edizioa saio honekin bukatuko da.
Oskarrekin batera izango dira gainerako finalistak ere bai. Iñaki bigarrena izan zen yumarren proban; Diana hirugarrena izan zen, tirolinan ahalegin ikaragarriak egin ostean. Karen azkena izan zen kayaken lehiaketan, eta beraz laugarren gelditu zen. Joxe izan zen finalisten artean azkena.
Beste lehiaketa bat ere badugu, eta haren garailea nor den jakingo dugu. Nor izango da ikusleen lehiakide gustukoena? Diana, Alex eta Karen dira boto gehien jaso dituztenak, eta hiru emakumeon artean izango da lehiakide gogokoena. Asteazkenean esango du Patxi Alonsok nor den 3.000 euroko saria jasoko duen partaidea.
Iguazuko ospakizunen irudi berriak ere eskainiko dituzte eztabaida-saioan, baita bueltako bidaiarenak eta abentura bukatutakoan lehiakideek egin zuten lehen bazkariarena ere bai. Finalaren une azpimarragarrienak ere ikusiko ditugu, eta abentura gogor honen finaleraino iritsi diren bost lehiakideen oroipen onenak zeintzuk diren jakingo dugu.