ETB2
'Perdiendo el Norte', aurrerantzean, igande gauetan, ETB2n
M.A.
EITB
Jose A. Perezek gaurkotasun handiko gaiak umorez eta lotsarik gabe jorratuko ditu.
Ekainaren 23an, Euskal Telebistako bigarren kateak 'Perdiendo el Norte' emango du, igandeetako entretenimendu apustu berria. Gaueko albistegiaren ostean, Jose A. Perez aurkezleak Valentzia aldera egingo du gai serioak umore ukitu batekin jorratzeko asmoz.
Espainiak iparra galdu du. Krisia, ustelkeria, garun-ihesak, eta Urdangarin gero eta argalago. Horrenbestez, bi aukera daude: gauzak bere onetik atera eta apaldu; edota, gauzak bere onetik atera eta barreari eman. 'Perdiendo el Norte' saioaren filosofia bigarrena da, hain zuzen ere.
Jose A. Perez blogaria, www.mimesacojea.com webgune polemikoaren sortzailea, Estatu osoan zehar ibiliko da krisia gora-behera irribarrea galdu ez duten euskaldunekin berba egiteko. Ekonomiaz arituko dira, baita politikaz eta gizarte gaietaz ere. Autonomia-erkidego bakoitzean egoera izugarri hau nola bizi duten ezagutzeko aukera izango du aurkezleak.
Igande honetako atalean, Valentziaraino joango da ETB2ko saioa. Bertan bizi diren zortzi gizon-emakumerekin solastatuko dira. Kazetaria, errugbi jokalaria, aktorea, diseinu irakaslea, bi ikasle, arraunlari bat eta bere emaztea; denetariko gonbidatuak, denetariko ikuspuntu eta pentsamoldeekin. Bakoitzak hiria nola aldatu den eta heldu zirenetik zer nolako bilakaera bizi izan duten aztertuko du.
Euskaldun hauekin hitz egiteaz gain, kaleko jendearen iritzia bilduko du baita ere Jose A. Perez aurkezleak.
Hurrengo ataletan, 'Perdiendo el Norte' programa Valentziaz gainera, Andalucian, Galician Mallorcan, Bartzelonan eta Salamanca-Leonen egongo da. Hiri hauetan guztietan bertan bizi diren euskaldunak topatuko dituzte gaurkotasun handiko gaien gainean hitz egiteko.