Itxi

Larunbatetik aurrera

Sanferminen gaineko jarraipen zabala ETBn

A.H.

EiTB

Euskal Telebistak eta eitb.com-ek zuzenean eskainiko ditu txupinazoa eta 'Gaixoa Ni' ekitaldia. Halaber, jaien inguruko saio bereziak emango dira ETB1en eta ETB2n.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Euskal Telebistak San Fermin jaien jarraipen zabala egingo du larunbatetik aurrera. Iruñeko kaleetan biziko den festa giro apartaren lekuko izango da ETB bederatzi egunez.

ETB1ek eta eitb.com-ek zuzenean eskainiko ditu jaiei hasiera emango dien txupinazoa eta 'Gaixoa Ni' amaierako ekitaldia. Horrez gain, ETBko bi kateek jaien gaineko saioak eskainiko dituzte egunero. Bestalde, hainbat emanaldi berezi tartekatuko dituzte, esaterako, entzierroen eta korrikalarien mundu arriskutsuan murgilduko gaituzten erreportajeak, Iruñeko jai ezagunen historian zehar bidaiatzera gonbidatuko gaituztenak.

Horrez gain, Euskal Telebistak eguneroko entzierroak eskainiko ditu: ETB1en, 0Gaur Egun' albistegiaren bi edizioen aurretik, eta ETB2n, 'San Fermin Directo' saiaoren barruan.

Txupinazoa eta 'Gaixoa Ni' ekitaldia

Txupinazoak emango die hasiera Sanfermin jaiei, uztailaren 6an, eguerdiko 12etan. ETB1ek 10:45ean egingo du bat Iruñeko Udaletxeko plazarekin, ekitaldia zuzenean eskaintzeko. Aurten, Eduardo Vall zinegotzi sozialistak jaurtiko du suziria.

Aritz Agirre Euskadi Irratiko kazetariak eta Ilaski Serrano aurkezle ezagunak egingo dute emanaldiaren gaineko kontakizuna, eta Maite Eskarmendik emango du kaleko giroaren berri.

Festen hasiera ez ezik, Euskal Telebistak San Fermin jaiak agurtuko dituen 'Gaixoa Ni' ekitaldia ere eskainiko du uztailak 14an.

'Sanferminak 2013', gauero, ETB1en

ETB1ek 'Sanferminak 2013' saio berezia eskainiko du egunero, 22:15etik aurrera. Xuban Intxaustik eta Lierni Agirrezabalak aurkeztuko dute saioa Baluartetik zuzenean, gonbidatu ezberdinen konpainian. Virgina Maraña kazetariak eguneko gai eta gertakari garrantzitsuenen gaineko erreportajeak ekarriko dizkigu, eta, horrez gain, su artifizialak emango dira.

'San Fermin Directo', ETB2n

'Navarra Directo'ko taldeak, urtero bezala, gertutik jarraituko ditu San Fermin jaiak, eta 'San Fermin Directo' saio berezia eskainiko dute egunero ETB2n, 14:00etatik aurrera, Itziar Lumbrerasek aurkeztuta.

Kazetari taldea kalean egongo da, festetan gertatzen denaren lekuko zuzena izateko asmoarekin. Jaien egitarauan aurreikusitako ekitaldi guztien berri emango dute, Sanferminetan protagonista direnekin ere hitz egingo dute, eta hainbat erreportaje eskainiko dituzte Iruñeko kaleetan biziko denaren inguruan.

Horrez gain, saioak eguneko entzierroaren emanaldia eskainiko du, eta korrikalariekin izango da, entzierroa amaitu eta minutu batzuk geroago, haien inpresio eta sentzazioak biltzeko asmoarekin.

'Sanferminetako Entzierroak' erreportajea

ETB1ek 'Sanferminetako Entzierroak' erreportajea eskainiko du larunbatean, 21:00etatik aurrera. Azkeneko urteetako entzierrorik aipagarrienak gogoratuko ditu saioak, eta tradizio ospetsu honek gordetzen duen errituala azalduko du. Horretarako, eskarmentu handiko korrikalariekin zein korrikalari hasi berriekin arituko dira, entzierrora atera aurretik nola prestatzen diren jakiteko, eta korrika egitean sentitzen duten ekaitz emozionalaren berri izateko.

Erreportajea entzierroetako protagonistekin izango da, horien artean, Fermin Buenza korrikalariarekin. 35 urte eman ditu zezenen aurrean korrika, eta oraindik ere zalantzak dituen arren, aurten, 51 urterekin, erretiratu nahi duela dio. Bestalde, 21 urteko Aitor Zuasti ezagutuko dute. Aurten, lehenengoz, egunero egingo du korrika.

Horrez gain, Fermin Erbiti korrikalari ohi eta kazetariarekin mintzatuko dira. Entzierroetan aditua da eta bi liburu idatzi ditu: Sanferminak eta Encierros en blanco y negro. Amaitzeko, Josu Azurmendi korrikalari ohiarekin izango dira. Zezen batek zauritu ostean utzi zion entzierroetan korrika egiteari, baina oraindik ere lotura estua du ekitaldi honekin. Euskarazko kantikoa bultzatu zuteneko bat da hain zuzen ere.

La Pamplonesaren San Fermin aurreko kontzertua

ETB1ek Iruñeko La Pamplonesa musika bandaren San Fermin aurreko kontzertua eskainiko du larunbatean, 23:30ean. Jaien hasieraren bezperan antolatzen den ohiko kontzertuak lau zati izango ditu. Bertan, martxak, pasodobleak, dianak, jotak eta kalejiretako musika entzungo dira.

Lehen zatia txupinazoari eskainiko diote eta lau kantek osatuko dute: Gainzaren 'Biribilketa', Manuel Turrillasen 'Clarín de fiestas' pasodoblea, eta '¡Ánimo pues!' eta 'Las siete calles' kalejira herrikoiak. Prozesioa izeneko zatian, J. Velezen 'Jerusalen' eta P. Lunaren 'El Asombro de Damasco' martxak joko dituzte.

Hirugarrenean, Aldapa, Bullicio Pamplones, Irrintzi, Oberena eta La Jarana peñen erreserkiak, Turrillasen 'Pamplona, feria del toro' pasodoblea eta S. Cervantesen 'La Pilindros' jota entzungo dira. Eta kontzertuari amaiera emateko, lehenengo, bigarren, hirugarren eta laugarren dianak, eta 'La dominguera' jota ezaguna joko ditu La Pamplonesak.

ETB2k Nagore dokumentala eskainiko du igandean

Igande gauean, San Fermin jaien inguruko bi gertakari gogoratuko ditu ETB2k. 23:00etan, Nagore dokumentala eskainiko da. Helena Tabernak zuzendutako lan honek Nagore Laffageren hilketa bortitza du ardatz nagusi. Jose Diego Yllanesek hil zuen Nagore Laffage 2008ko San Ferminetan. Asun Casasolak, Nagoreren amak, darama kontakizunaren hari nagusia, bere alabaren heriotzaren gain justizia egin zedin gogor borrokatu den emakume adoretsuaren paperean.

Ondoren, Euskal Telebistak Sanfermines 78 dokumentala eskainiko du, 1978ko Sanferminetako festetan izandako gertakarien inguruan.

Bideoak (2)

Informazio gehiago (1)