Itxi

23:30ean

'La Pamplonesarekin dantzan' kontzertuaren emanaldia, gaur ETB1en

A.H.

EITB

Musika taldeak pasodobleak, mamboak, boleroak eta tangoak eskainiko ditu, baita Frank Sinatraren abestiak ere, jazz estiloan.

La Pamplonesa | Irudia www.bandapamplonesa.com

Ekainaren 21ean, La Pamplonesak eskaini zuen 'A bailar a la verbena' kontzertua emango du Euskal Telebistak gaur gauean. Musika estilo ezberdinek osatutako kontzertua izan zen, eta pasodobleak, mamboak, boleroak eta tangoak eskaini zituzten. Horrez gain, Frank Sinatraren omenez, haren abesti ezagunenetarikoak ere abestu zituzten, jazz estiloan. Jesus Garidoainek zuzendu zuen kontzertua, eta Angel Otxotorena bakarlari moduan aritu zen.

Erritmo lasaiekin hasi zen kontzertua, 'Honrando a Navarra' pasadoblearekin eta 'Amado Mío' boleroarekin. Ondoren, 'Tangos Célebres' tango bilduma jo zuen taldeak, baita 'Guantanamera' Kubako guajira ere. La Pamplonesak bere historian lehen aldiz jo zituen bi kanta hauek.

Ondoren, Frank Sinatraren omenez, musikariaren abesti ezagunak eskaini zituen taldeak: 'Sway'. 'My Way', eta 'New York, New York'.

Kontzertuaren amaierako tarteak, 'La Paloma' dantza latinoa, eta 'Pennsylvania 6-5000' eta 'In The Mood' swing estiloko dantzak eskaini zituzten. 'Mambo Jambo' manboak jarri zion amaierako puntua kontzertuari.

'La Pamplonesarekin dantzan' gaur gauean emango da 23:30etik aurrera ETB1en.