Itxi

Ostiral honetan

ETB2k 'El Dilema' estreinatuko du Lehendakaria elkarrizketatuz

A.E.

EiTB

Juan Carlos Etxeberriak eta Saioa Martijak aurkeztuko duten zuzeneko tartea gaur hasiko da. Elkarrizketak eta eztabaida izango ditu osagai nagusi.

Gaur gauean, ETB2n, 'El Dilema' saio berria hasiko da. Estreinaldian, Iñigo Urkullu lehendakaria elkarrizketatuko du Juan Carlos Etxeberria aurkezleak.

Aktualitatea eta iritziak izango dira saioaren ardatza. Elkarrizketak eta eztabaida, berriz, osagaia nagusiak. Egitura malgua du saioak, informazioaren beharrizanei egokituko zaio. Astero elkarrizketa nagusia eskainiko du eta Juan Carlos Etxeberria izango da elkarrizketatzailea. Halere, jorratuko den gaiaren arabera, beste elkarrizketa batzuk ere sartu ditzakete, eta baita beste kazetari eta elkarrizketatzaile batzuk gonbidatu ere.

Eztabaidak tarte nagusia du, esan bezala, 'El Dilema'n. Zortzi solaskide aurkezlearen gidaritzapean, bat edo bizpahiru aktualitatezko gai jorratzeko prest. Ahots guztiak eta denetariko ikuspegiek izango dute lekua. Euskal gizartearen isla diren iritziak bilduko dituzte. Jendeari gehien kezkatzen dieten gaien inguruan arituko dira. Horrez gain, platoan izango den publikoak aztertzen den gaiaren inguruko lekukotasun eta iritzia ere eman ahal izango du. Barcenas auzia izango dute abiapuntu estreinaldiko debatean. Barcenasek Rajoy estu hartu ote duen aztertuko dute saioan.

Denboraldi honetan '60 Minutos' aurkezten aritu da Juan Carlos Etxeberria. Kamera aurrean, erronka berria izango da 'El Dilema' kazetari donostiarrarentzat. Berarekin, Saioa Martija kazetaria, asteburuko 'Gaur Egun' albistegiaren aurkezlea egongo da. Telefono deiak hartu, erreportajeak aurkeztu eta gaia osatzeko informazioa emateaz arduratuko da, besteak beste.

ETB eta K2000ren ekoizpena da 'El Dilema', eta ostiralero izango da ikusgai ETB2n eta eitb.com-en, 22:15ean.

Informazio gehiago (1)