Audientzia oharra
Estropadak eta pilota emanaldiak arrakastatsu
A.E.
EiTB
Larunbat eguerdiko 'Teleberri' albistegiak 232.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan zuen.
Donostiatik zuzenean emandako II. Eusko Label Bandera estropada probak audientzia nabarmena izan zuen. Gizonezkoen estropadan Hondarribiko Ama Guadalupekoa traineruak irabazi zuen euskaldun audientziaren %21,2ren aurrean. Halaber, 110.000 lagunek egin zuten bat ETB1ekin proba honetan. Donibane gailendu zen, berriz, emakumezkoen proban, euskaldunen %14,5eko audientzia eskuratuz.
San Ferminetako eskuz binakako txapelketaren finala, halaber, lider izan zen bere ordutegian. Arratsaldeko pilota hitzorduak euskaldunen artean %26,7ko audientzia izan zuen eta, uneren batean, 169.000 lagunek egin zuten bat emanaldiarekin.
Frantziako Tourraren Alpeetako lehen etapak ere jarraitzaile ugari izan zituen ETB1en: euskaldunen arteko ikusleen artean %9,7ko audientzia izan zuen eta 146.000 laguneko audientzia metatua.
'Teleberri' albistegia lider izan zen asteburuan ere, eta aipamena merezi du larunbat eguerdiko albistegiak lortutako audientziak. Orotara, %22,7ko audientzia izan zuen, bataz beste 128.000 ikus-entzule eta audientzia metatua 232.000 ikus-entzule.
Lehendakariari elkarrizketa 'El Dilema' saioan
Juan Carlos Etxeberria kazetariak Iñigo Urkullu lehendakariari 'El Dilema' saio berrian egindako elkarrizketak %9,4ko audientzia eta 157.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan zituen. Halaber, ETB2ko saio berriak beste eduki batzuek ere izan zituen, Francisco Etxeberria mediku forenseari elkarrizketa eta Barcenas auziari buruzko debatea, besteak beste. Oro har, 333.000 lagunek egin zuten bat saioarekin.